euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Uberuaga familiaren adar iparramerikarreko 75 kide Boiseko Euskal Etxean bildu dira famili bilkura batean

2007/08/24

Damiana Uberuaga eta Jeff Uberuaga (kusiak elkarrekiko) Boiseko EEan bildu zirenei hizketan
Damiana Uberuaga eta Jeff Uberuaga (kusiak elkarrekiko) Boiseko EEan bildu zirenei hizketan

PUBLIZITATEA

Uberuaga/Randa familiako hirurogeita hamabost bat kide iparramerikarrek hartu dute parte Idahoko hiriburuko Euskal Etxean, Mendiguren, Erquiaga, Arriola, Rude, Randa eta Zabala deituradun ere baziren jendeak bildu dituen elkarretaratze batean. Bi eguneko famili bilkura, Lael Uberuaga eta Izar Iribarren-Gorrindo dantzari boisetarrek eginiko 'agurra'rekin hasi zen eta solas eta sozializazio ekitaldia euskal janari eta musikaz hornitua izan zen. Bitxikeria gisa, bildutakoek bilkuraren izena zeraman ardoa ere dastatu ahal izan zuten.
Asteburu uberuagatarra ostiraleko hitzorduarekin hasi zen, Uberuaga/Randa adarrekoek Boiseko Euskal Etxean eginiko deialdiarekin, bertara hirurogeita hamabost bat jende bildu zirelarik, tartean lehenengo deituratzat Uberuaga, Mendiguren, Erquiaga, Arriola, Rude, Randa eta Zabala daramaten familiakideak. Lael Uberuaga eta Izar Iribarren-Gorrindo dantzari gazte boisetarrek ireki zuten ekitaldia, Oinkarikideak biak, ohiko euskal 'agurra' dantzatuz eta ondoren jota-porrusalda. Jarraian mokadu bidezko afariak hartu zuen txanda, bildutakoen solasez eta familiaren argazki eta diapositibak ere erakutsi zirelarik.

[Lael Uberuaga eta Izar Iribarren-Gorrindok dantzatu zuten ostiralean ekitaldiei hasiera emanez Uberuagatarrek txalotu zuten agurra]

Biharamunean, larunbatez, bilkurak bigarren saio bat izan zuen Boisen bertan, Damiana Uberuagak bere etxean antolatutako aire zabaleko barbakoa bat medio. Osagaiak, euskal musika eta jan-edariak eta dantza egiteko aukera, eta aurreko eguneko solasen jarraipena, ahaide ezagutu berriekin eta aspaldian ez agurtutakoekin sozializatzen segitzeko paradarekin.

Ardo Uberuaga etiketaduna

Partaideetako bat, Thomas Uberuaga, Washington estatuko Walla Walla eskualde ardogiletik --Estatu Batu iparmendebalderago-- propio bilkurarako etorria, oparia besapean eta guzti azaldu zen Boisera, eta berari zor zaizkio Uberuagatarren elkarretaratzearen etiketa bereziarekin asteburuan edan ziren ardo botilak: aurreko familia bilera bateko argazki zaharraren ondoan --1952koa, zioen-- Reunion Red edo 'bilkurako ardo beltza' aldarrikatzen zuten botilek.

[Ezkerretik eskuinera: 1.- Ongi etorria emateko, 'Agurra' dantzatu zuten lehenik Lael Uberuaga eta datorren larunbatean Boisen ezkonduko den Izar Iribarren-Gorrindo Oinkari dantzari taldekideek; 2.- 1911eko argazki familiarra Boisen ateratakoa, bertan agertzen direla Euskal Herritik etorritako Jose, Domingo eta Juan Uberuaga anaia immigranteak euren ezkontide eta ahaideekin, bi haurrak Phil eta Juanita 'Jay' Uberuaga izanik; Juan eta Juana (Arriola) Uberuaga, gaur egun Boiseko Museoko parte den Jacobs-Uberuaga etxea euskal ostatu gisa kudeatuko zutenak dira; 3.- Damiana Uberuaga eta Al Erquiaga lehengusuak, lehenengoak Boiseko bere etxean larunbatean antolatutako barbakoaren baitan; 4.- Antigoaleko auto honetan iritsi zen latunbatean bilerara Gus Uberuaga (atzean agertzen da, bolantean), ondoan ezker-eskuin Peter Rude Uberuaga, Damiana Uberuaga, Gretchen Hoffmnann, Gus Arriola, Jules Uberuaga eta Fran Uberuaga daudela]

Datorren elkarretaratzea finkatzeke

Uberuagatarrak oso familia zabala dira Idahon, eta gaur egun ondoko eta ez hain ondoko estatuetara hedatu dira Estatu Batuetan, baita besteak beste bertatik Mexikora ere. Guztiak ez dute jatorri bera Euskal Herrian, baina Euskal Herritik etorri ziren lehenak, inguruko familia euskaldun zaharrenen artean daude eta bost bat belaunaldi izango dira jadanik Estatu Batuetan jaio edota bizitza egin dutenak. Aktiboak izan dira --eta dira-- oso euskal komunitatean eta ekarpen esanguratsuak egin dizkiote euren inguru, bai euskalamerikar zein amerikarrari. Boiseko Euskal Museoa bera, Jacobs-Uberuaga etxean hasi zen, berau izanik Boiseko adreiluzko familia egoitzarik zaharrena, geroago euskal ostatu bihurtua eta gaur egun eraikin historikoen erregistroan dagoena. [Eskuineko argazkian, Sandy Uberuaga eta Lael Uberuaga izeba-ilobak, Lael ostiraleko dantzari agur-egileetako bat izan zelarik]

Ez dago oraindik data finkatua datorren elkarretaratzerako, baina bildutakoak ados zeuden ez dela komeni 1995ean Boiseko Jaialdia zela-eta egin zen antzeko bilkuraz geroztik joan diren hamabi urteak pasatzen uztea. Aldi hartan, inguruko herri batean, Star-en bildu ziren. 'Francis Uberuaga arduratu zen deialdi hartaz, Star-eko bere etxean. Oker ez banago, hura izan zen azkeneko hitzordua', gogoratzen du EuskalKultura.com-entzat Lael Uberuagak.


Enlaces relacionados

Euskal Museoak zaharberritu eta zabaldu du Uberuaga Etxea
2005eko maiatzaren 21ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Blas Uberuagaren webgunea, aitzindari euskaldunen interneten
2004ko abenduaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Uberuaga deitura, Blas Uberuagaren webgunean
www.buber.net webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia