Boise, Idaho, AEB. Boiseko herritarrak, prebisioen arabera berrogeitamar mila partaide bilduko dituen Jaialdi 2025 bertako euskal festa erraldoirako prestakizunetan ari diren honetan —gogora dezagun uztailaren 29tik abuztuaren 3ra egingo dela– Idahoko hiriburuko euskal gizataldeak, eta bereziki bertako realzaleek, eten txiki bat egin zuten azaro hondarrean urrats garrantzitsu bat ematearren futbol alorrean, Realaren peña edo lagunarte bat ofizialki estreinatzeko Boisen. Azaroaren 20an, hiri erdiguneko Ansots jatetxean, ‘Txuriurdin Amerikanuak’ izena hartu duen lagunartea inauguratu zuten, Euskal Herritik propio etorritako Klubaren ordezkaritza bat lagun.
‘Txuriurdin Amerikanuak’ Peñaren inaugurazioan Xabi Prieto Real-eko jokalari ohi eta Klubeko enbaxadoreak, eta Zuhaitz Gurrutxaga jokalari ohi eta ETB1eko aurkezleak hartu zuten parte. Oroi dezagun Gurrutxagak duela juxtu urtebete bisitatu zuela Boise, orduan aurkezten zuen "Herri Txiki Infernu Handi" programaren saio-sorta berezi bat grabatzearren AEB Mendebaldeko euskal komunitateetan. Orain, Peñaren inaugurazioak, AEBko beste puntatik Euskadiren Estatu Batuetako ordezkaria ere ekarrarazi du, Unai Telleria, Oñatiko gipuzkoarra bera, eta ez Peñak daukan oñatiar bakarra, Boisen aspaldi bizi den Jesus Alcelay sukaldariaren koloreak ere txuriurdinak baitira.
Anfitrioiak eta gonbidatuak opariak elkarri ematen (argazkiak, ‘Txuriurdin Amerikanuak’)
Aurreskua bisitariei (bideoa, ‘Txuriurdin Amerikanuak’)
Kirola harremanbide eta nazioen arteko zubilan baliotsu baterako lagungarri izan daitekeenez, eta euskal komunitateak Boisen daukan presentziaren adierazgarri, hiriko alkate Lauren McLean-ek eta estatuko gobernadore Brad Little-k harrera egin zieten Real Sociedad klubeko itsasoz bi aldeetako ordezkariei. Bileran, hiriko eta estatuko hautetsiek kultur aniztasunak Boiseri ematen dion aberastasuna goraipatu zuten. Futbolariek Boise State Unibertsitatea (BSU) ere ezagutu zuten, Hizkuntzen Departamentuan euskara irakasle eta BSUko Historia Departamentuko irakasle diren Ziortza Gandarias eta John Bieter-en eskutik, hurrenez hurren.
Euskal ordezkaritza Lauren McLean Boiseko alkatearekin (argazkiak Lauren McLean Boiseko alkatearen X kontua)
Hau ez da Boisen Realaren lagunarte bat osatzeko bertako realzaleak biltzen diren lehenengo aldia, baina bai urrunen joan eta ofizialki osatzena lortu duena, hirian duela urte batzuk bizi den Haritz Maillo Elorza arrasatearra buru. EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, "Txuriurdin Amerikanuak" lagunarteak Anoetako taldea jarraitzearekin batera beste helburu batzuk ere izango ditu lagun, tartean Euskal Herriko balioak sustatzea euskara ere bidelagun. eta halaxe egin zuten bat joan den abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Egunarekin.