euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txupinazoek, jai, entzierro eta jotek zuri-gorriz margotuko dituzte Diasporan egingo diren hainbat San Fermin festa

2024/07/03

2024ko San Fermin jaiak munduan
2024ko San Fermin jaiak munduan

PUBLIZITATEA

Iruñea, Nafarroa. Larunbat honetan uztailaren 6a da eta eguerdi puntuan piztuko den Txupinazoak leherraraziko du Iruñean San Fermin festa. Baina ez bakarrik Iruñean, Sanferminek dakarten kitzika dagoeneko sumatzen hasia baita Diasporako hainbat bazterretan, bertatik datozkigun gonbidapenek agerian uzten dutenez. Australian, adibidez, North Queensland-en, uztailaren 7an bazkaria antolatuko dute Townsvilleko Euskal Etxean. Erreserbak basqueclubofnq@hotmail.com helbidera egin behar dira eta gonbidatuek zuri-gorriz behar dute jantzi (informazio gehiago, hemen). Sydneyn, Gure Txoko Euskal Etxeak, uztailaren 13an ospatuko du festa eta antolatu duen San Fermineko txosnan, bazkaria, bokatak, kalimotxoa eta gehiago agintzen dira, eta hemen ere parte hartzeko zuriz behar da jantzi, lepoan zapi zuria (informazio gehiago, hemen).

Valentziako Laurak Bat Euskal Etxeak Iruñearekin aldi berean egingo du bat Txupinazo ofizialarekin, alegia pantaila batez segituko du zuzenean bere egoitzatik eta argi dago, beraz, ospakizuna uztailaren 6an bertan estreinatuko duela, 11.30etatik aurrera. Peñen kartelen erakusketa inauguratuko dute, Iruñeko kartel ofiziala aurkeztuko dute eta topa egin ondoren, senidetasun bazkarian murgilduko dira, Sanfermin musika lagun (informazio gehiago, hemen). Mexiko Hirian ere uztailaren 6an ekingo diote festari, bertako 13:30etan, 'entzierro' bat eginez hiriko kaleetan zehar Euskal Etxea bera helmuga. Bertan bapo bazkaldu eta arratsaldez festarekin segituko dute, besteak beste zezen mekaniko bat lagun (informazio gehiago, hemen).

Liman, uztailaren 4erako luzatu du deia hiriko Euskal Etxeak: abesbatzaren kontzertuak irekiko du festa eta gero, afaria partekatuko dute. Montevideon, Euskaro Euskal Etxeak gonbidatzen du, igandean, uztailaren 7an bertan. hiriko Haize Hegoa Elkarteko lagunek ere bat egingo dutela Euskarokoekin (informazio gehiago, hemen). Caracasen garrantzi handia izan dute Sanferminek Eusko Etxean, eta entzierroak, egiazko bigantxekin, haur eta helduen erakargarri izan dira. Programan, meza eta bazkaria baita ere. Aurten ospakizuna uztailaren 13an egingo da (informazio gehiago, hemen).

Boise bezalako lekuetan, Idahon, AEBn, deialdia uztailaren 13an finkatu da. Hiriburu idahotarrean, ongi sendotu da azkeneko urteotan Sanfermin giroko "Running of the bars", entzierroaren (Running of the bulls) ildoari segituz, parte-hartzaileei zuri eta gorriz jantzita agertzea eskatzen zaiela, zapi edo mokanesa eta gerrikoa soinean. Zertan den ekimena? Poteo moduko bat da Boiseko Basque Block-en eta hiri erdigunean partaide diren tabernaz taberna, bakoitzean euskal kulturari lotutako zerbait antzeztuz, eta etekinak Boiseko Euskal Museo eta Kultura Etxearentzat izanik (argibide gehiago, hemen).

Hau gainbegirada eta lagin bat besterik ez da, Sanferminak munduan ezagunena den euskal festa baitira, eta asko baitira gisa batez edo bestez ospatuko dituzten nafar eta euskal elkarteak. Gure diasporan, hasteko; baina baita bestela ere. Gogoratu buletin honetan bertan joan den astean Argentinako ekitaldietako batzuk bildu genituela, tartean herrialdeko lau nafar etxeetakoak, eta gehiago. Eta Espainiako estatuko geografian barrena barreiatuta dauden nafar etxeetan ere urteko festa nagusia direla. Eman begiratua gure agendari hitzordu gehiagoren berri eskuratzeko. Eta zeozer komentatu edo informazioa pasa nahi badiguzu, aski duzu info@euskalkultura.eus helbidera idaztea.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia