euskal diaspora eta kultura
2012/06/28
PUBLIZITATEA
Boise, AEB. Oinkari Basque Dancers taldeak ekainaren 16ean egin zuen bere Urteroko Bigarren Sagardotegia, eta aurrekoa bezala, ekitaldia oso arrakastatsua izan zen. Boiseko euskaldun asko bildu ziren ekitaldira eta zinez gozatu zuten, kupeletik sagardoa edanez eta sagardotegiko menu tipikoa afalduz. Afaria Oinkariko dantzari gazteek antolatu eta zerbitzatu zuten, eta fin aritu ziren, gainera.
"Aurten iaz baino jende gutxiago izan dugu (ehun, iazko berrehunen aldean), baina horri esker Euskal Etxeko sotoko aretoan egin ahal izan dugu afaria eta giroa oso etxekoa eta atsegina izan da", azaldu dio Lael Uberuaga Oinkariko lehendakari gazteak EuskalKultura.com-i.
Afariaren menua sagardotegiko menu tipikoa izan zen: hasteko, bakailao takoak edo bakailaoa piperradarekin aukeran. Ondoren bakailao-nahaskia, eta jarraian txuleta. Postrea, nola ez, gazta eta intxaurrak. Festalariek gustura jan zuten dena eta Lael Uberuagaren esanetan, bat edo bestek ia-ia mahaiak apaintzeko jarri zituzten sagarrak ere jan zituen.
[Jesus Alcelay sukaldaria bakailao-nahaskia prestatzen eta Oinkariko dantzari gazteak adi-adi laguntzeko prest (argazkia AnaOvergaard)]
[Gazta eta intxaur platerrak ilaran, postrearen orduaren zain (argazkia AnaOvergaard)]
[Osasuna! Boiseko euskaldunak gustura izan ziren afarian, txotxetik mahaira eta mahaitik txotxera berriz ere! (argazkia AnaOvergaard)]
[Dan Ansoteguiren trikitixak musika jarri zion gaualdiari (argazkia Ana Overgaard)]
Aurtengo afariaren irabaziak erdibana egingo dituzte Oinkari taldeak eta Boise State University-ko Euskal Ikasketa Programak. BSUren aldetik, ekitaldiaren antolakuntzan aritu ziren Dave Lachiondo, programaren zuzendaria, eta unibertsitateko irakasle John Bieter, biak ala biak euskal komunitateko kide ezagunak.
Oinkarik irabazitako dirua euskal dantza tailer bat antolatzeko erabiliko dute, Lael Uberuagak argitzen digunez: "Garikoitz Otamendi (Donostiako Arkaitz dantza taldeko dantzaria) ekarriko dugu Boisera dantza-irakasle eta astebeteko gipuzkoar dantza lantegia emango digu. Gari bi astez egongo da hemen; San Inazio aurreko asteburuan heldu eta San Inazio osteko asteburuan itzuliko da etxera".
[Oinkariko dantzariak afariko kutxazain lanetan. Eskubian Lael Uberuaga, Oinkari Dantza taldeko lehendakaria, alboan Izar Iribarren-Gorrindo Bicandi duela (argazkia AnaOvergaard)]
[Afaria antolatu zuten gazteen talde argazkia. Harro egoteko moduko lana egin zuten. Bejondaizuela Oinkari! (argazkia MarieMonasterio)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus