La Plata, Argentina. Datorren larunbatean, martxoaren 4an, ospatuko da bigarren Euskal Sagardo Eguna Argentinan, bertako “Txapela” sagardo naturala eta La Platako Euzko Etxea antolatzaile. Jaia 12etan hasiko da, euskal etxe laplatatarrak City Bell-en (La Plata partidoan bertan) duen aisialdirako espazioan, 154 kalean, 444 eta 446 artean. Sagardo dastaketa eskainiko dute eta, protagonista edari tradizionala izango den arren, janaria eta euskal produktuak saltzeko postuak ere zabalduko dira.
Eguerdian entzungo da aurtengo lehenengo 'txotx!' oihua, Euskal Herrian sagardo sasoiari hasiera ematen dion oihu herrikoia. “Ordu biak arte, bertaratzen diren guztiek libre eta doan izango dute sagardoa zuzenean kupeletik edateko aukera”, azaltzen du Rosarioko Xabier Aguirrek, hurbildu eta euskal edari tradizional hau dastatzeko gonbitea eginez. Milena Arambururekin batera, 2017an Euskal Herriko sagardo naturalaren ezaugarri berak dituen, baina Patagoniako sagarrez egindako edari bat ekoizteko proiektuari ekin zion Xabierrek.
Musika, dantza eta Txapela, "bi munduotako onena"
Jai eta ospakizun guztietan bezala, musika eta dantza elkarretaratzeko osagai garrantzitsu eta bozkario ekarle izango dira ekitaldian. Eta larunbatekoan, euskal etxeetako gazteek euren dantzak eskainiko dituzte agertokian, eta trikitilari talde bat ere gerturatuko da, egun La Plata hirian bizi diren Euskal Herritik etorritako ikasle gazteek osatua.
Euskal etxe hauetako lagunek baieztatu dute dagoeneko euren partaidetza: Chascomuseko Zingirako Euskaldunak, Rosarioko Zazpirak Bat, Buenos Airesko Laurak Bat eta Euskaltzaleak, Bahía Blancako Unión Vasca, Mar del Platako Denak Bat, Tandilgo Gure Etxea, Lomas de Zamorako Denak Bat, Cañuelasko Denak Bat, Maipuko Anaitasuna eta Necocheako Euzko Etxea. “Euskal hitzordu berezia izango da, sukaldaritza, dantzak, trikitixa eta Argentinan ekoiztutako antzinako euskal edaria. Bi munduotako onena!”, adierazi dio harro Euskalkultura.eus-i Txapelako sortzaile Xabier Agirrek.
Argibide gehiago Txapela sagardoari buruz: www.txapela.com.ar
IG: txapelasidra
FB: txapelasidravascanatural
Tel: +54 911 7006 5070
Emaila: info@txapela.com.ar
-Sagardo Eguna 'Eguzkipean' kanpaldiarekin batera egingo da asteburuan La Platan