Euskal gastronomiak eta sagardoaren kulturak gero eta interes handiagoa eragiten ari dira Japonian. Izan ere, beren sagardo propioa ere ekoizten hasi dira herrialde asiarrean. Txotx sasoian gauden honetan, zenbait jatetxe japoniar beren irekiera berezia ospatzeari ekin diote eta euskal sagardogintzaren bihotza den Astigarragatik bertatik eramandako zientoka botila batzuei esker uzta berriko sagardoa dastatzeko aukera izan dute gero eta gehiago diren sagardozale japoniarrek.
Astigarraga, Gipuzkoa. Ekimen honetan 15 jatetxe eta taberna ari dira parte hartzen eta dagoeneko horietako batzuetan ospatu dute txotx irekiera, nagusiki euskal inspirazioko jatetxeetan. Besteak beste, Tokioko Ogasawara Hakushaku-teu (Michelin izar bat), Fermintxo Boca eta Lanbroa, Osakako Ama-Lur nahiz Aupa eta Kyotoko El Bogavante jatetxeak batu zaizkie egitasmoari.
Topaketa hauetan, euskal jatorri deiturako sagardoak dastatzeaz gain, bertaratzen direnek sagardoaren historiaren xehetasunak ezagutzeko aukera izango dute, baita sagarrak, ekoizpen prozesua eta edari hau inguratzen duten adierazpide sozialak ere. Ekitaldi hauen karietara, Astigarragako Zapiain sagardogileak aurtengo Euskal Sagardoa jatorri deiturako lehenenengo sagardo berria botilaratu du, bertako sagar barietateekin egina eta bereziki Japoniarako etiketatua. Orotara, 400 bat botila bidali dira hegazkinez.
Ezaguna da oso euskal kultura eta gastronomiak Japonian sortzen duten ikusmina. Eta gero eta gehiago dira mundu osoan famatua den sukaldaritzarekin eta bestelako erakargarriekin gozatzera Euskal Herrira iristen diren turistak. Testuinguru honetan, euskal sagardo naturalaren gaineko jakinmina ere hazten doa, edari honen munduko ekoizle ezagunenetakoa izanik Euskal Herria. 2019ko udan, Astigarragako Sagardoetxea museoko bisitariak %20 hazi ziren, eta nazioarteko turisten inguruan japoniarrak lehenengo postuetan ageri dira. Gogoratu Japoniak ez daukala sagardo ekoizpen tradiziorik, baina Fuji bezalako sagar barietate ezagunak hazten direla bertan.
Azkeneko urteotan, ordea, sagardoa ekoizten duten upategi berriak sortu dira Japonian, nagusiki Naganoko Prefekturan. Hain zuzen, Sagardoaren Lurraldeak abiatutako Ciderlands nazioarteko sagardoaren kultura eta turismoaren sareko kide bilakatzeko asmoa azaldu du eskualde honek. Sare honetan dagoeneko Europako 10 herrialdek hartzen dute parte.
Euskal eta japoniar sagardozaleen senidetze honek jarraipena izango du datozen hilabeteotan ekimen berrien bitartez. Asmoa ez da soilik Japonian sagardoaren sustapena indartzea, bi herrialdeen arteko loturak sendotzea baizik, sagardoak mundu osoan hazkunde nabarmena bizi duen une honetan. Sagardoa, bestalde, partaideetako bat izango da Tokion datorren uztailaren 4tik 10era bitartean egingo den Euskal Astea-Basque Week-en.