Lehendabiziko bakarlana amaitu berri du Sonia de los Santos musikariak (Monterrey, Mexiko, 1982), ‘Mi viaje: De Nuevo León to the New York island’. New Yorken bizi da duela hamar urte eta immigrante legez izandako esperientziaz ari da abestietan, bai eta bere jatorri-herriarekiko maitasunaz eta kultura anitzekiko pasioaz. Tartean, euskaldunen kulturarekikoaz ere bai. Izan ere, Mikel Laboaren ‘Txoria txori’ grabatu du. “YouTube-n entzun nuen, Joan Baez-ek abestua, eta izugarri gustatu zitzaidan”, esan dio EuskalKultura.com-i. “Bihotz-bihotzez egin dut”.
New York, AEB. Musikari ibilbidea musika familiarra jorratzen duen Dan Zanes and Friends taldeko kide legez egin du orain arte Sonia de los Santosek. “Gaiak jorratzeko moduagatik eta soinuengatik haur zein nagusiek gozatzeko moduko musika mota da”, azaldu du artistak.
Gauzak horrela, bakarlari gisa ateratako lehen lana, Mi viaje: De Nuevo León to the New York island (Neure bidaia: Nuevo Leon-etik New Yorkeko irlara), genero horren baitan egin du. “Folk latino-amerikarretik du pixka bat baina anglo-saxoitik ere badu zerbait, bai eta ingeles ukitu bat eta euskal ukitua ere”, esan digu. Euskal ukitua Txoria txori abestiak ematen dio. “YouTube-n entzun nuen, Joan Baez-ek abestua, eta izugarri gustatu zitzaidan”. Lorenzo Parro senar bilbotarrak esan zion “ereserki” moduko bat zela eta, presio pittin horrekin, “bihotz-bihotzez” bertsionatu du.
De los Santosek ez daki euskaraz, baina kanta entzunda ez luke inork hori esango, ederto ahoskatzen baititu berbak. “Ander Caballero-k (Eusko Jaurlaritzak New Yorken duen ordezkariak) erraztu zizkidan harremanak Laboaren familiarekin eta asko lagundu didate. Hasieran harritu egin zirela uste dut, haurrentzako musika egiten duen mexikar batek grabatu nahi zuelako abestia (barre egin du). Baina hasierako harridura pasata, ilusio handiz lagundu didate”.
Abeslariak Euskal Herriarekin duen erlazioa ez da abesti honetara, ezta bere senar bilbotarrera mugatzen. “Bidegarai dut bigarren deitura. Geure amaren familiaren aldetik, birraitona euskaldun bat dut. Ez dakigu zehazki nongoa zen, baina Euskal Herrikoa zela bai”.
-Sonia de los Santos-en 'Txoria txori'-ren bertsioa hemen sakatuta entzun dezakezu
-Diskoaren formatu fisikoa AEBetan baino ezingo da erosi, urriaren 30etik aurrera
-Baina bertsio digitala eskuragarri dago dagoeneko iTunes eta Amazon-en. Festival Five Records-ek banatzen du lana