Bego Miñaur/Donostia-San Sebastián. Bedaronako 400 urteko baserri bat berritzeko txitxiburduntzia egingo da azaro honetan Belgikan. Istorioaren atzean, Zarauzko belgiar bat eta Elorrioko ingeles bat euskal kulturaren alde lanean. Makina bat leku eta bizitza batzen dituen haria, Diasporako euskaldunek osatzen duten sare zabalaren adierazgarri. Apurka-apurka azalduko dugu kontua.
Hasteko, datorren azaroaren 19an, larunbatean, Txitxiburduntzi festa egingo da Belgikako Lendelede herrian, Mendebaldeko Flandia probintzian. Antolatzailea Manu Behaeghe da, euskal jatorria duen belgiarra.
"Euskal jatorria dut amaren aldetik. Nire birramona Bergarakoa zen, baina Zarautzen bizi zen. Birraitona herriko albaitaria izan zen 60 urtez", azaldu dio Manuk EuskalKultura.com-i. "Hiru seme-alaba izan zituzten: semea AEBetara joan zen eta ezkongabe hil zen. Bi alabak --nire amona horietariko bat-- Belgikako bi anairekin ezkondu ziren, eta horregatik bizi naiz ni Belgikan".
Hala ere, familiak Euskal Herriarekiko lotura mantendu zuen eta Manuk uda asko pasa izan ditu txikitan Zarautzen oporretan.
Olabe baserria
2012an Manu bere euskal jatorria ikertzen hasi zen eta webgune bat sortu zuen. Urte batzuk Euskal Herrira etorri gabe pasa eta gero, berriz ere hasi zen bisitan etortzen, oraingoan bere emaztearekin batera. "Lagun asko egin ditugu ikerketan eta sare sozialen bitartez eta irailean hitzordua egin genuen Elorrioko artzain batekin, Joseba Attard-ekin", esan du Manuk.
Eta hemen dator Belgika-Bedarona konexioa. Joseba Attard Ingalaterran jaio da eta 27 urterekin etorri zen Euskal Herrira, euskara ikastera. Aita artzain ingelesa eta ama Elorrioko euskalduna ditu. Attard diseinatzaile grafikoa, surfista... eta ardi ile-moztailea da. Hain zuzen ere, Manurekin hitzordua Axpen egin zuen, Artzain Txakurren Txapelketaren karira.
Egun horietan Attard eta haren emazte Joanna bizitza errotik aldatuko zien abentura batean murgildu berriak ziren. Bedaronako Olabe baserria erosi eta biziberritzeko proiektua abian jartzen ari ziren, kultur topagune bihurtzeko asmoarekin.
Txitxiburduntzi belgiarra
"Luze eta zabal hitz egin genuen euskal kulturari buruz, ardiei buruz, gastronomiari buruz...", azaldu digu Manuk. "Une jakin batean txistorra asko atsegin dudala aipatu nion eta berak txitxiburduntzi hitza erakutsi zidan (txistorra eta txorizo erreki festa)".
Manu eta haren emaztea Belgikara itzuli ziren, Olabe proiektuari laguntzeko ekitaldiren bat antolatzeko gogoarekin, eta txitxiburduntzi hitza buruan burutik kendu ezinik. "Azkenean, lagun batzuekin batera txistorra, txorizoa eta txakolina inportatzeko konpainia txiki bat sortu dugu... eta txitxiburduntzi bat antolatzea erabaki dugu euskal kultura, musika eta gastronomia ezagutarazteko".
Festa familia eta lagunentzako ekitalditxo bat zen hasieran, baina dagoeneko 75 leku bete dira. Bertan parte hartu nahi izanez gero, bidali e-maila Manuri hona. Festan bildutako dirua Olabe baserriaren proiektuari laguntzeko erabiliko da. Belgika, Bedarona, Zarautz eta Elorrio batzen dituen istorio ederra eta zalantzarik gabe are urrunago helduko dena!