euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txistuaren soinuak Mexikoko euskaldunak hunkitu zituen Donostiako Txistulari Bandak bertan eman zuen kontzertuan

2007/03/19

Jose Ignazio Ansorena zuzendaria eta 'Hartz-Dantza'-ko hartza (argazkia vascosmexico.com)
Jose Ignazio Ansorena zuzendaria eta 'Hartz-Dantza'-ko hartza (argazkia vascosmexico.com)

PUBLIZITATEA

Txistuaren soinuak hartu zuen Mexikoko Kontserbatorio Nazionala Euskal Etxearen Mendeurrenaren ospakizun kontzertuan. Entzule asko eta asko emozionatu --eta batzuk harritu ere-- egin ziren, musika tresna honen aberastasuna ikusita. Jose Ignazio Ansorenak gidaturiko bandak entzuleak liluratu zituen Euskal Herriko zazpi probintzietako musika jasotzen zuen programarekin. Kontzertuan zehar une gogoangarriak bizi izan ziren, euskal eta mexikar tradizioak bildu zituen 'Cielito lindo' abestiarekin edota Alberto Carrera Euskal Etxeko koruaren zuzendariaren agurrarekin.
Mexikoko euskal komunitateko kide ugari eta euskaldunen lagun asko bildu ziren joan den asteazkenean Mexikoko Kontserbatorio Nazionalean, Donostiako Txistulari bandaren kontzertua entzuteko. Taldeak ez zuen kale egin eta Jose Ignazio Ansorena zuzendari entzulegoaren onespena eta txalo zaparrada eskuratu zituen. Musikari donostiarrek programa zabala prestatu zuten, abesti tradizional eta berriak bilduz Euskal Herrian zehar musika bidaia egiteko hiru zuloko euskal instrumentua gidari.

Ikuskizunak txistuak dituen alde eta aukera desberdinak ezagutzera ematea lortu zuen, instrumentuaren malgutasuna eta aberastasuna erakustea baitzen Jose Manuel Ugarte kontzertuaren bultzatzaileak buruan zuena ekitaldia antolatzerakoan. Eskenatokian musikak dantza ere izan zuen lagun, Kukai konpainiako lau dantzariren eskutik. Oso deigarriak izan ziren koreografietako batzuk, hala nola Hartz-dantza-rena, dantzarietako bat hartzaz mozorrotu baitzen. Lagun gehiago igo ziren gero oholtza gainera: Colegio de las Vizcaínas koruko haurrak --kalejira alai batekin bildu ziren dantzarien artera-- eta Euskal Etxeko korua, biak Alberto Carrerak zuzenduta.

'Cielito lindo' euskalmexikarra

[Goiko irudietan, ezkerretik eskubira eta goitik behera: dantzariak hartzaren ehiza antzezten; Colegio de las Vizcaínas-eko koruko haurrak oholtza gainean kalejiran; Alberto Carrera, Euskal Etxeko koruko zuzendariak lore sorta jasotzen du eta, bukatzeko, ikuslegoa txaloka zutik. Urte t'erdiz bi koruok zuzendu ostean, Euskal Herrira itzuliko da Alberto Carrera (argazkiak Vascosmexico.com)]

Jose Ignazio Ansorenak, bandaren zuzendariak, ikuskizuna girotu zuen, abesti eta abesti artean azalpenak eman eta pasadizoak kontatuz. Kontzertuan une hunkigarriak bizi izan ziren, horietako bat musikariek 'Cielito lindo' klasikoa jo zutenean, mexikar eta euskaldun tradizioak bilduz. Beste une gogoangarri bat Alberto Carrera zuzendariaren agurra izan zen. Carrera portugaletetarrak azken bi urteak Euskal Etxeko korua Mendeurreneko ekitaldietarako prestatzen eman ditu eta taldeko kideek euren onena eman zuten Kontserbatorio Nazionaleko oholtza gainean euren zuzendariari ongi merezitako despedida egokia egiteko.

Programa

1. LE BASQUE ETA BISCAYENNE Jose Ignazio Ansorena (1953----)
2. HARTZAREN EHIZA Luis Aranburu (1905-1999)
3. ARIZKUN Sagar dantza-Mutil dantza Jose Ignazio Ansorena
4. BIRIGARROA Isidro Ansorena (1892-1975)
5. DURANGALDEKO DANTZARI DANTZA Herrikoa
6. HAUR TXIKIAK LOTARATZEKO SOINUA Jose Ignazio Ansorena
7. ZUBEROAKO DANTZAK Barrikada-Gavota-Godaleta Herrikoak
8. IÑAUTERIKO POLKA José Antonio Santesteban (1835-1906) Marinba bakarrekoa: Francisco J. Lera
9. BIGARREN RAPSODIA Luis Urteaga (1892-1960)
10. GUREA DA! Sabin Salaberri (1934----)
11. AMA BEGIRA ZAZU Víctor Zubizarreta (1899-1970)
12. AGUR, JAUNAK ETA ANDREAK! Herrikoa


Lotura interesgarriak

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Vascosmexico
www.vascosmexico.com

Donostiako Txistulari Banda
www.donostia.org-en

Euskal Etxeko Mendeurreneko ekitaldien programa
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 6ean argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia