euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak Renon uztailean egingo den NABO euskal jaialdian izango dira

2009/06/16

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak
Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak

PUBLIZITATEA

Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoak lehen aldiz izango dira AEBtan. Pailazo hirukoteak 25 urte daramatza taula gainean eta Renon ospatuko dute modu berezian urteurren hori, NABOk bere urteko jaialdi nagusira gonbidatuz egin dien deiari baiezkoa eman baitiote. Jose Ignazio Ansorena Mirrik azaldu bezala, gogoz daude bertara joateko eta prest daukate dagoeneko bertan haurtxo euskal amerikarren aurrean eskainiko duten ikuskizuna. Emanaldia berezia izango da, keinu askorekin ingelesa ama hizkuntza daukaten umeek ere erraz uler dezaten, pailazoen abesti ezagunenekin.

Donostia-San Sebastián. Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek 25 urte daramatzate taula gainean. Hirukotea 1984. urtean hasi zen elkarrekin lanean eta geroztik Euskal Herriko pailazo ezagunenak direla esan daiteke. Pailazo beterano hauen ibilbidean Euskal Herriko plaza eta txoko gehienetan eskaini dituzte ikuskizunak. Etxetik kanpo ordea, Saharan izan ziren orain urte batzuk eta aurten lehen aldiz AEBetara joango dira. Urtero NABOk antolatzen duen euskal jaialdia aurten Renon izango da uztailaren 25, 26 eta 27an eta bertara gonbidatuak izan dira pailazoak.

EuskalKultura.com-ek Jose Ignazio Ansorena Mirrirekin hitz egin ahal izan du eta Renon arfitzeko gogoz daudela adierazi du. Emanaldi berezia prestatu omen dute pailazoek. 'Bertan egongo diren ume gehienek ez dute euskaraz jakingo eta hau dela eta keinuz betetako ikuskizuna prestatu dugu'. Pailazoak Saharan egon ziren orain urte batzuk eta 'antzeko zerbait' egingo dutela adierazi digu Ansorenak. Aldi berean, 'noski, gure kanta famatuenak ere abestuko ditugu'. Ikuskizuna 'polita' izango da haur zein helduentzat, 'polita, ulerterreza eta dibertigarria', Ansorenaren ustetan.

Euskal Herritik at ere ezagunak

Antolatzaileek jakinarazi dietenez, Txirri, Mirri eta Txiribiton nahikoa ezagunak dira euskal etxeetako umeen artean ETB-Sat telebista kateari esker. Honetan euren telebista saioa 'Trikitraka trikitron' ikusten dutela adierazi diete, Estatu Batu Ekialdean behintzat, eta Ansorenaren esanetan pozgarria da jakitea Euskal Herritik kanpo ere jarraitzaileak dituztela. Ansorenak adierazi duenez, 'joan garen leku guztietan harrera oso ona egin digute eta kasu honetan ere horrela izatea espero dugu. Gure aldetik, ahal dugun hoberen egingo dugu pailazoarena'.

2007an Jose Ignazio Ansorena Mexikon izan zen Donostiako Txistulari bandarekin eta oso oroitzapen onak ditu bertan euskal komunitatearekin bizitako esperientziaz. Bidaia honetan AEBtako euskaldunekin harremana ahaztezina izatea espero du Mirrik. Ikuskizun bakarra eskainiko du pailazo taldeak AEBtan momentuz. Hau dela eta, NABOko ikuskizunaren aitzakiarekin San Frantzisko inguruan turismoa egiteko asmoa dute. Hala ere, Ansorenari eskaera luzatu diote dagoeneko Renoko zenbait ekitalditan txistulari lanetan aritzeko eta baiezkoa eman die.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia