Kirmen Uribe idazle ondarroarrak Asiara bidaia egingo du datorren astean, Txinan eta Japonian 'Mussche' eleberria aurkezteko. Liburua argitaratu berria da txineraz (Lijang Publishing House argitaletxea) eta japonieraz (Hakusui Sha argitaletxearekin). Uribek aurkezpenak egingo ditu Beijing-en, Tokion eta Kioton. Iñaki Mendizabalek sinatzen du artikulua Deian.
Iñaki Mendizabal. Nami Kaneko itzultzaileak itzuli du "Mussche" japonierara, euskaratik zuzen zuzenean. Aurretik gauza bera egin zuen Uriberen aurreneko eleberriarekin "Bilbao-New York-Bilbao"-rekin, orain dela hiru urte. Bestalde, txinerazko itzulpena Huang Yehua itzultzaileak egin du (besteak beste, Gabriel García Márquez-en lanen itzultzaile), gaztelaniatik.
Txinerazko itzulpenaren aurkezpena abenduaren 2an egingo da, Beijingo Unibertsitateko Nazioarteko Literatura Zentroan. Uriberekin batera bertan izango dira Zhang Qinghua kritikoa eta Su Tong idazlea. Gaur egun Su Tong Txinako idazlerik ezagunenetarikoa, Mendebaldean oso ezaguna "Emazteak eta amoranteak" eleberria idatzi zuelako (1991an Zhang Yimou zuzendariak zinera eraman zuen "Linterna gorria" izenburuarekin).
Japonian
Japongo aurkezpenak abenduaren 5etik 7ra izango dira, Tokion eta Kioton. Tokion Uribek lagun izango du Ryuta Imafuku idazlea eta Kioton, aldiz, Fuji Hikaru kritikoa. Horrez gain, Uribek poema irakurraldi bat egingo du, euskaraz eta japonieraz, Kejiro Suga olerkariarekin batera Tokioko Café Llavandería delakoan.
"Bilbao-New York-Bilbao" 2012an itzuli zen japonierara eta harrera oso ona izan zuen herrialde honetako irakurle eta kritikarien artean. Urteko liburu aukeratu zuten Mainichi Shimbun eta Vogue Japan aldizkariek. Txinerazko itzulpenari dagokionez, "Mussche" Txinan argitaratzen aurreneko euskarazko liburuetako bat da, "han liburu itzuli bat argitaratzea oso arraroa delako", egileak berak azaldu duenez.
(artikulu hau Deia-n argitaratu da 2015eko azaroaren 26ean)