euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txinatik euskal sarera: Shanghaiko Euskal Etxeak egoitza birtualaren ateak ireki ditu abian jarri duen blogarekin

2007/12/12

Kunshaneko baserrian egin zen babarrun jana (argazkia ShanghaiEE)
Kunshaneko baserrian egin zen babarrun jana (argazkia ShanghaiEE)

PUBLIZITATEA

Asiako lehen euskal etxea da Shanghaiko elkarte gaztea eta bere kideek aurretik ere aurkeztu zuten sarean euren burua elkartearen webgunearekin. Orain ordea, hura osatzera dator euskal etxearen bloga, mundu osoko internet zaleen partehartzea eta kolaborazioa bultzatu nahi duen medioarekin. Blogaren bitartez elkartekideek euskal etxearen azken ekitaldien berri emango dute eta euskal eta txinatar kulturen arteko topagunea bihurtzea da euren asmoa.
Shanghaiko Euskal Etxeak egoitza berria ireki du sarean, elkartearen azken ekimen eta hitzorduen berri emango duen blog baten bidez. Gune birtual berri honek, aurretik aurkeztutako webgunea osatzen du, Asiako lehen euskal etxeari buruzko informazio ahalik eta eguneratuena eman nahian. Oraingoan blogean atal gehiago agertzen dira da berrikuntza da baita ere RSS jarioen bitartez harpidetuek elkarteko berriak zuzenean euren ordenagailuetan jaso ahal izana.

'Abenduaren 7an inauguratu zuen blog hau Shanghaiko euskal etxeak eta bere helburua medio dinamiko eta osagarria izatea da’, azaldu dute elkarteko kideek. 'Era berean euskal eta txinatar kulturen arteko topagunea izan dadin nahi dugu, bertan gure ekitaldiez gain Txinari buruzko berriak, ekimenak, deialdiak edo artikuluak ere jarri ahal izateko’.

Babarrun Jana Kunshan-en

Blogaren aurkezpen bezala elkarteko kideek euskal etxearen lehen urte hauetan egin dituzten hainbat ekitaldien berri ematen dute. Horien artean azkena joan den azaroaren 24ean Kunshan industri poligonoko euskal baserrian egin zen babarrun jana izan zen. Kunshan Shanghaitik gertu dago eta bertan zenbait euskal enpresek dute egoitza. Hor lanean ari diren euskaldunak hartzeko Baserria izenaz ezaguna den eraikina egin zuten eta bertan bildu ziren bertako eta Shanghaiko euskaldunak babarrunen (indaben edo ilarren) inguruan.

Shanghaitik autobus bat antolatu zen eta 65 bat pertsona bildu ziren Kunshan-en. Alaitz eta Izaskun sukaldariek Tolosatik ekarritako 10 kilo babarrun prestatu zituzten eta bazkaria giro ederrean egin zen. Menua osatuz entsalada, txorizoa, txerri txuletak, Errioxako ardoa eta arrozesnea zerbitzatu zituzten. Bazkalostean, berriz, ohiko mus partidei ekin zitzaien.

Artikuluak bidaltzeko

Blogaren ezaugarrietako bat medio irekia izateko bokazioa da eta irakurle eta elkarteko kideen kolaborazioak hartzeko borondatea. 'Blogean edozein artikulu zintzilikatu nahi duenak honako pausoak bete beharko ditu: e-maila bidali behar du hona, halako izenburuarekin "Blog:" + artikuluaren izena. Adibidez Tibeteko bidaia bati buruzko informazioa bidaltzeko, e-maila bidali "Blog: Tibetera bidaia" izenburuarekin’, elkarteko kideek azaldu dutenez.


Lotura interesgarriak

Shanghaiko Euskal Etxearen bloga
http://blog.chinaeuskaletxea.info

Shanghaiko Euskal Etxearen webgunea
www.chinaeuskaletxea.com

'Asia Draws' erakusketa Shanghaiko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia