euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txinako Harresi Handitik Londreseko parkeetara, Korrika 16 munduko hainbat bazterretara heldu zen euskal etxeekin

2009/04/07

Korrika 16 Shanghaiko erdigunetik abiatzeko prest (argazkia ShanghaiEE)
Korrika 16 Shanghaiko erdigunetik abiatzeko prest (argazkia ShanghaiEE)

PUBLIZITATEA

Korrika 16 joan den igandean bukatu zen Gasteiz, baina munduko leku desberdinetatik lasterketaren hotsak heltzen zaizkigu oiiandik ere. Txinan, adibidez, euskararen aldeko lasterketa Harresi handiraino eta Shanghaiko kaleetaraino heldu zen joan den asteburuan, bertan bizi diren euskaldunei eta Shanghaiko Euskal Etxeari esker. Londresen, aldiz, lasterketa sinboliko bat egin zen London Basque Society Euskal Etxetik gertu dagoen parke batean, txalapartaren soinuek lagunduta. Ondoren korrikalariek eta elkarteko bazkideek babarrun jana egin zuten indarrak berreskuratzeko.

Shanghai, Txina/Londres, Ingalaterra. Korrikaren 16. edizioa munduan zehar ibili da lasterketak Euskal Herriko ohiko ibilbidea egiten zuen bitartean. AEK-ko euskaltegiek antolatzen duten ekimena joan den igandean bukatu zen Gasteizen, bertan Bartzelonako eta Madrileko euskal etxeetako lagunak ere izan zirelarik (Bartzelonako elkarteak kilometro bat erosi zuen gainera). Baina azken asteburu honetan zehar euskararen aldeko erreibindikazioa Ingalaterra eta Txinaraino ere heldu da.

Korrika 16 en Shanghai (01)Asiar herrialdean, zehazki, Korrika joan den martxoaren 29an heldu zen Hong Kong-era, eta pasa den asteburuan Shanghai-ra. Bertan Euskal Etxeko kideak hiriaren erdiguneko kaleetan barrena ibili ziren korrika, AEK-k utzitako peto eta pankarta handi batekin. Lasterketa urduritasun puntu batekin hasi zen, izan ere aurreko edizioan txinatar poliziak korrikalariak gelditu egin zituen, zertan ari ziren ulertu ezinik. Oraingoan ez zen arazorik izan, azaltzen du elkarteko presidente Estibalitz Getek, eta lasterketa Euskal Etxean bukatu zen, partehartzaileen irrifarren artean. Arnasa hartu eta korrikalariek Iker Iriartek eginiko bertsoa kantatu zuten eta ondoren lagunarteko bazkaria egin zuten Euskal Etxean. 

Hurrengo egunean, igandean, lasterketaren lekukoa hiriburura pasa zen, Beijing-era, eta bertan inguru horretan bizi diren euskaldunek Korrika lehen aldiz Txinako Harresi Handira eramatea lortu zuten. Taldeak autobus bat alokatu eta harresiraino joan zen, bertan ibilbide labur bat eginez. Egunak Korrika 16 honetako irudirik bitxienetako bat utzi zigun.  [Ezkerreko irudian Beijing inguruko euskaldunak Harresi handian Korrika (argazkia ShanghaiEE)]

Babarrun jana Londresen

Ingalaterrako hiriburuan London Basque Society-k Korrikarekin beti izan ohi duen hitzorduan ez zuen hutsik egin eta lasterketa sinboliko bat antolatu zuen elkartetik gertu dagoen parke batean. Londreseko euskaldunak hantxe bildu ziren, txalapartaren soinuak animatuta kilometrotxo batzuk egiteko prest. Lasterketaren ostean jaiak Euskal Etxean jarraitu zuen, babarrun jan batekin.

Korrika 16 en Londres (02)

[Txalapartariak korrikalariak animatzen (argazkia LondresEE)]

Korrika 16 en Londres (01)

[Korrika 16-ern kartela Londreseko kaleetan (argazkia LondresEE)]




« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia