euskal diaspora eta kultura
2009/08/06
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Bost urtean behin egiten den ekitaldia da Boiseko Jaialdi. Bost urtean behin euskal Diasporaren biltoki bilakatzen da, kanpoan bizi izanik euskaldun segitu nahi duen euskal munduaren bilgarri eta lekuko. Eta ez da gehiegikeria, datorren urtean errepikatuko den errealitatea baizik: 2010ean, Euskal Herritik kanpo egingo den euskal jai eta elkarretaratzerik handiena izango da Boisekoa. Beste behin.
Aurreko edizioetan --1987tik, seigarrena izango du datorrena--, Euskal Herrikoez aparte, Kanada, Argentina, Mexiko, Txile eta Australiako euskaldunak bederen bildu izan dira nazioarteko euskal festa honetara. Denborarekin, Hego Ameriketako leku gehiagotatik eta Europako bazterretatik inguratu dira partaideak, eta Estatu Batuetako euskaldunekin batera, euskal Diasporako hiriburu bihurtu dute Boise. Aproposa da horretarako, ez soilik Gernikarekin senidetutako hiria delako, edota alkatea euskalduna duelako, edota euskal etxea, euskal abesbatza, euskal festak, ikastola, denda eta negozioak dituelako, baizik eta euskaldunak talde integratu indartsu eta ezaguna direlako bertan.
Munduko euskal komunitateen bilgune
Aurretik ere ibilia da Mikel Plazaola Boisen, eta 2005ean parte hartu zuen, Mexikon bizi zela. Orain, Txinan bizi delarik, Txinako Euskal Etxekoekin ari da antolatzen bertara talde gisa joatea. Horretarako lehenengo pausoak ari da ematen eta Euskal Etxeak egin berria du deialdia eta proposamena, bertatik, Txinako Euskal Etxeak ordezkaritza bidal dezan nazioarteko euskal topaketa honetara. Jaialdiko datak: uztailaren 29tik, abuztuaren 1era. Txinako interesatuek, euskaldun zein ez-euskaldun, Mikel Plazaolarekin jar daitezke harremanetan, edo hona idatzi: shanghaikoeuskaletxea@gmail.com.
Eta Txinako Euskal Etxeaz ari ginenez, esan joan den uztailean bertako kide andanatxo bat bildu zela Shanghaiko El Kiliki Mandarín izeneko Iruñeko lagun taldeak sanferminak zirela-eta antolatutako jaira. Aldi berean, Euskal Etxeak 'Nazioarteko futbolin txapelketa' bat egin ahal izan du, Ander Zozaia bazkideak eginiko futbolin baten doaintzari esker. Eskerrak Anderri, eta zorionak Txinako lagunei euren ekimenei eusteagatik.
-Jaialdi, International Basque Cultural Festival: www.jaialdi.com
-Txinako Euskal Etxearen webgunea: www.chinaeuskaletxea.com
-Txinako EE argazkiak: www.flickr.com/photos/chinaeuskaletxea
-Iruñeko peña bat Txinan: www.elkilikimandarin.com
-Txinako Sanfermin argazkiak: www.flickr.com/photos/elkilikimandarin
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus