euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txinako euskal emigrazioa gaietako bat izan zen Migrazioen Elkarte Europarraren bileran, Polonian

2012/10/01

AEMIren Urteroko Bilkuran parte hartu zuten adituak, Polonian (argazkia AEMI)
AEMIren Urteroko Bilkuran parte hartu zuten adituak, Polonian (argazkia AEMI)

PUBLIZITATEA

AEMIk, Migrazioen Elkarte Europarrak, urteroko bilkura eta mintegia egin zituen iragan astean, irailaren 26tik 30era, Poloniako Cracovia hirian. Europako migrazio erakunde, museo eta elkarteetako ordezkari asko bildu ziren bertara, eta horien artean euskal ordezkaritza bat ere izan zen. Bileran parte hartzeaz gain euskal ordezkariek --Kanpoan diren Euskal Herritarrentzako eta Gizataldeentzako Zuzendaritzako teknikari Benan Oregi eta Oscar Alvarez Gila, EHUko historialaria-- hitzaldia eman zuten mintegian. Txinarako euskal emigrazioa izan zen gaia, aurreneko misiolariekin hasi eta gaur egungo Shanghaiko Euskal Etxea sortu duten profesional gazteenganaino helduz.

Cracovia, Polonia. AEMI (Association of European Migration Institutions) elkartearen urteroko bilkura iragan larunbatean egin zen Cracovian, eta aurretik, asteazkenetik ostiralera migrazioari buruzko mintegia egin zuten bilkurara bildu ziren adituek. Horien artean izan ziren Benan Oregi, Eusko Jaurlaritzako teknikaria, eta Oscar Alvarez Gila historialaria (UPV-EHU). Oregik eta Alvarez Gilak txosten bat aurkeztu zuten mintegian, Txinako euskal emigrazioari buruzkoa.

Aurkezpenean azpimarratu zuten Txinako euskal emigrazio txikia izan dela kopuruz, baina talde zehatz eta homogeneoak izan direla beti: hala nola hastapenetako misiolariak, Jai Alai jokalariak eta gaur egungo gazte profesionalak, 2004ean Shanghaiko Euskal Etxea sortu zutenak.

AEMI 2012

[Oskar Alvarez Gila (ezkerrean) eta Benan Oregi (bizkarrez) AEMIko mintegian egin zuten aurkezpenean (argazkia AEMI)]

Mintegiaren ostean Urteroko Bilkuran AEMI gaur egun sustatzen ari den hiru egitasmo nagusien berri eman zen: Migraport, dokumentuen digitalizazio, Europako migrazioen mapa eta AEMIren webgune berria (azken hau prest da jada www.aemi.eu helbidean).

Benan Oregik EuskalKultura.com-i agertu dionez, garrantzitsua da euskaldunak ere elkartean eta horrelako topaketetan egotea. "Bertan egon behar dugu; besteengandik ikasteko eta ideiak hartzeko ona da. Gauza batzuetan egiteko asko dugu, eta beste batzuetan aurretik goaz, adibidez, digitalizazio kontuetan eta kanpoko euskaldunekin dugun harreman sareari dagokionez.  Herrialde batzuentzako inbidiagarria da guk euskal etxeen bidez dugun harreman sare estua", esan du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia