euskal diaspora eta kultura
2013/04/19
PUBLIZITATEA
Txileko Santiago/Bueno Aires. Iragan asteazkenean hasi zuen Hegoamerikara bidaia Asier Vallejo Itsaso Kanpoko Euskal Gizataldeentzako zuzendariak, Txileko Santiagoko Euzko Etxera egin zuen bisitarekin. Atzo, aldiz, Viña del Mar-en, Valparaisoko Eusko Etxearekin eta Santiagoko Colectividad Vasca de Chile elkarteko arduradunekin bildu zen. Bidaiaren zati honetan Vallejok Rafael Kutz, Txile eta Perurako Euskadiren Ordezkaria, izan du lagun.
Bidaiak egitarau trinkoa du eta, horren baitan, gaur arratsaldean Argentinara heldu ostean, Asier Vallejo Juan de Garay Euskal Argentinar Fundazioko zuzendaritzarekin bilduko da Buenos Airesen. Argentinan, Uruguaien eta Brasilen Vallejok bidaide izango du Sara Pagola, Euskadiren Argentina-Mercosur-erako Ordezkaria. Bihar Buenos Aireseko Laurak Bat Euskal Etxea bisitatuko dute eta, ondoren FEVAren Bilkura Nagusian parte hartzeko. Izan ere Jaurlaritzako bi kideek FEVAko partaide diren euskal etxe guztietako ordezkariak biltzen dituen bilkura nagusi honen aurrean bertaratuko diren lehen aldia izango dute, euren aurkezpen ofizial modukoa izango delarik FEVAren aurrean. Igandean, Rosario eta San Nicolaseko euskaldunekin egongo dira, Zazpirak Bat eta Euzkal Etxea bisitatuz hurrenez hurren, eta astelehenean La Platako Euzko Etxea.
Uruguai eta Brasil
Asteartean, apirilaren 23an, Vallejo eta Pagola Uruguaira helduko dira, eta bilera egingo dute Montevideoko alkate Ana Oliverirarekin, alkatearekin alegia, eta bere udal taldeko teknikariekin. Arratsalde partean, Euskal Erria Euskal Etxea bisitatuko dute; bertan, Flores herriko euskal etxeko ordezkaritza bat ere izango delarik. Biharamunean, asteazkenean, FIVU Uruguaiko euskal elkarteen federazioko zuzendaritzarekin bilera egingo dute.
Bidaiaren azken txanpa Brasilen izango da, hilaren 25etik 27ra. Ostegunean, apirilaren 25ean, Sao Paulon bertako euskal etxeekin bazkaria egingo dute Vallejok eta Pagolak. Bertara bilduko dira ere Rio Grande do Sul estatuko euskal etxe gazteko ordezkari batzuk. Estatu hau Brasil, Argentina eta Uruguairen arteko mugan dago eta euskal immigrazio historiko handia izan du.
Ostiralean, SPRIk Brasilgo gune ekonomikoan duen ordezkariarekin bilduko dira eta, ondoren, Sao Pauloko euskal elkarteak --Eusko Alkartasuna eta Eusko Brasildar Etxea-- bisitatuko dituzte, arratsaldez Euskal Herrirako bidea hartu aurretik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus