Viña del Mar, Txile. Euskararen Nazioarteko Egunaren ospakizunak segitzen dute Hego Amerikan. Viña del Mar-Valparaisoko euskal etxearen kasua da. Izan ere aurten zinemari lotuta ospatzea proposatu dute euskal etxeko kideek. Lankide, Viña del Marreko Udala; eta Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiako Ordezkaritzako Carolina Ávila Cruzatt-en, Sandra Travieso Euzko Etxeko lehendakariaren eta Kultura Batzordeko Laura Rojas Zubietaren elkarlanari esker, euskal film laburren ziklo bat antolatu dute, joan den asteartean, hilak 6, hasi eta astearte honetan, abenduaren 13an amaituko dena.
Programazioa Kimuak saileko film laburrek osatu dute. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak, Etxepare Euskal Institutuaren bitartez, eta Euskadiko Filmategia Fundazioaren laguntzarekin, duela 24 urtetik hona euskal film labur onenak aukeratzen dituen katalogoa da Kimuak. Pasa den asteartean, ikusgai ekarri ziren Viña del Marrera Asier Altunaren "Artalde", Aitor Arregiren "Zarautzen erosi zuen", Mikel Gurrearen "Heltzear", Josu Venero eta Jose Mari Lazkanoren "Artiko", Gregorio Muroren "Zeinek gehiago iraun" eta Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregiren "Mateoren ama" laburmetraiak. Proiekzioaren ondoren, bertaratutakoek ohorezko ardoa partekatu zuten.
Sarrera kitorik, aski da partaidetza baieztatzea
Astearte honetan, berriz, abenduaren 13an, zikloaren bigarren eta azken topaketan, 5 laburmetraia ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek: Jose Mari Goenagaren “Lagun mina”, Maddi Barberren “592 metroz goiti”, Josu Martinezen “Ama”, Koldo Almandozen “Ahate pasa” eta Sara Fantovaren “No me despertéis”. Hitzordua arratsaldeko 4etan da, Palacio Rioja Museoko —Txileko Monumentu Nazional izendatua— Aldo Francia aretoan, Vergara auzoan (Quillota 214). Sarrera librea eta doakoa. Baieztatu mesedez zure partaidetza hemen.