Santiago, Txile. Martxo-apirilean abiatu ohi da urtero hemen ikasturtea, hego hemisferioan izaki, eta Txileko euskal etxeek euskara ikastaroen eskaintza argitaratu dute, eta kasu batzuetan abiatu ere, euskaldunen hizkuntza maila eta leku diferentetan ikasteko interesa duten guztiei zuzendua. Kasuren batean ikastaroa martxoan hasi da eta gehienak apirilean hasiko dira. Eskolak online eta erdi presentzialak har daitezke, hasierakoak eta aurreratuak, Santiagon eta Viña del Mar-Valparaison.
Hiriburu txiletarrean, Colectividad Vasca de Chile Euskal Etxeak bi ikastaro eskainiko ditu aurten. Lehenengoa (A1 mailakoa) apirilean hasiko da, asteazkenero 20etatik 21:30etara, eta bigarrena (A2 mailakoa) martxoan hasi berria da, ostegunero 20etatik 21:30etara. Biak dira online, Zoom plataformaren bidez. Klase birtualak izanda, dio Christian Etxeberria irakasleak, Santiagotik kanpo bizi direnek ere aukera daukate parte hartzeko. Argibideak eskuratzeko, deitu +569 90168110 / +569 55204067 telefonora.
Mapotxoko Hiritik atera gabe, Santiagoko Euzko Etxean, Raimundo Zubelzu irakasleak bi ikastaro emango ditu, bata hasierakoa (A1.1) eta bestea lehen urratsak jadanik paseak dituztenentzat (A1.2). Modua online izango da, astean ordubeteko tutoretzarekin eta 5 orduko lan pertsonalarekin plataforman. Izena emateko email bat bidali behar da secretaria@euzkoetxeachile.cl helbidera edo deitu +56968481564 telefonora.
Viña del Mar-Valparaisoko Euzko Etxean, berriz, ikastaroak apirilaren hasieran abiatuko dira (astearteak 4) eta bi maila egongo dira: I. maila, astearte eta ostegunetan 19etatik 20etara eta II. maila, astearte eta ostegunetan, 20:30etatik 21:30etara. Klaseak Maider del Olmo irakaslearen eskutik gauzatuko dira. Izena emateko edo kontsultaren bat egiteko, aski duzu mezua bidaltzea euzkoetxeavinadelmar@gmail.com posta elektronikora.
Animatu zeure euskara hobetzera. Eta informazio hau balia dezakeen norbait ezagutzen baduzu, pasa iezaiozu mesedez! Mila esker aldez aurretik.