Donostia-San Sebastian. Foru Aldundiak plazaratu duen ohar batean esaten duenez, Euskal Herriaren eta Txileren artean dauden lotura estuak gogarazi zizkien Martin Garitano diputatu nagusiak ordezkaritza txiletarreko parte ziren Valparaiso udalerriko eta unibertsitateetako arduradunei. Txilen, adibidez, biztanleen % 27k euskal abizenen bat du, eta Valparaiso euskal etxe baten egoitza da. Izan ere, egungo euskal etxe horren hazia izan zen hiriko lehenengo euskal elkartea 1915ean jaio zen eta aurten, beraz, erakunde harek mendeurrena ari dira ospatzen 2015 honetan Valparaisoko euskal komuinitateko lagunak.
Bi aldeen izenean, Omar Moralesek, ia bi milioi biztanle dituen eskualde horretako gobernu ordezkariak, batetik, eta Martin Garitanok, Gipuzkoako Foru Aldundiko diputatu nagusi legez, bestetik, lurraldeon arteko lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten.
Valparaisoko ordezkari politikoek jakinmina agertu zuten Gipuzkoako enpresen gaitasunengatik hainbat alorretan, hala nola garraioan, industrian, elikaduran eta turismoan. Hondakinak kudeatzeko sistemez eta ingurumen-politikaz ere interesatu ziren eta gai horiek aztertzeko arratsaldean eremu horretako diputatu Iñaki Errazkirekin bildu ziren.
Txileko ordezkariek Kutxaren Ekogunea parkea bisitatuko dute aste honetan, eta gertutik ezagutuko dute Gipuzkoako hondakin-politika. AMPO enpresara eta Arrasatera ere joango dira kooperatiben eredua ezagutzeko, eta Goierriko CAF enpresa eta hainbat enpresa txiki eta ertain bisitatuko dituzte. Txileko ordezkaritzaren agenda bete honetan, Ordiziako merkatura ere bisita egingo dute, Valparaisoko Nekazaritza Ministerioko idazkari nagusia ere ordezkaritzako kide denez; bisita horretaz baliatuko dira Goierriko garapenerako eskualde-agentziak (Goieki) zer lan egiten duen ezagutzeko.
Valparaison dauden lau unibertsitateetako errektoreak ere (Pontificia Universidad Católica de Valparaíso, Universidad de Valparaíso, Universidad Técnica Federico Santamaría eta Universidad de Playa Ancha de Ciencias de la Educación) ordezkaritzako kide direnez, bisitak lankidetza-hitzarmenak sinatzeko aukera ekarriko du, izan ere EHUrekin, Deusto Unibertsitatearekin eta Arrasate Unibertsitatearekin.
Euskal Mendeurrena Valparaison
Valparaisoko Eusko Etxeak interesez segitu du eta zeharkako partaide izan da misio honen prestaketan, aukera ezinhobetzat jotzen baitu bi aldeen arteko harremanen garapena bultzatzeko, Archibaldo Uriarte presidente euskal-valparaisotarrak esan digunez. Ekitaldia euskal etxea aurten, Valparaisoko aurreneko euskal elkartearen Mendeurrena dela-eta antolatzen ari den ekitaldien baitan kokatzen du, bestela ere urte berezia den honetan, urrian Valparaiso-Viñako Eusko Etxeak ordezkaria bidaliko baitu Gasteizen urrian egingo den Euskal Gizataldeen Mundu-Batzarrean.