euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Trinkete Txapelketa eta Winnipeg ontziaren etorreraren 73. urteurrena, Berriketarin

2012/09/28

Manuel Dominguez pilotari gaztea Txileko Trinkete Txapelketan (argazkia Berriketari)
Manuel Dominguez pilotari gaztea Txileko Trinkete Txapelketan (argazkia Berriketari)

PUBLIZITATEA

Santiago Euzko Etxearen albistari digitalak, Berriketarik, irailean zehar euskal elkartean egin diren jarduerak jasotzen ditu azken alean. Horietako bat izan zen, adibidez, Euzko Etxeko frontoian jokatu zen Txileko Trinkete Txapelketa (eta irabazlea, gainera, etxeko bikote bat izan zen: Yona Dannuncio eta Miguel Ramirez). Horrez gain, euskal etxeak Winnipeg ontziaren etorreraren 73. urteurrena gogoratu zuen. Barku honetan heldu ziren errefuxiatuek abesbatza osatu zuten bidaian, eta handik sortu zen egungo elkarteko Euskal Abesbatza. Koruko kideek omenaldi berezia jaso zuten ospakizunean.

Santiago, Chile. Berriketari buletinaren azken aleak Santiagoko Euzko Etxean jokatu zen Txileko 9. Trinkete Txapelketari buruzko erreportaje zabala dakar. Hilaren 7tik 9ra jokatu ziren partidak, eta txapelketa "oso arrakastatsua izan zen, bai partehartzaile kopuruari dagokionez, eta baita ikusle kopuruari dagokionez ere. Txapelketa hiru kategoriatan jokatu zen, horrela pilotari gazteei parte hartu eta maila honetako txapelketan esperientzia hartzen hasteko aukera emanez", dio Berriketarik. 

Txapelketaren emaitzak hauek izan ziren: 

1 maila:
-Txapeldunak: Yona Dannuncio eta Miguel Ramirez (Euzko Etxea).
-Txapeldunorde: Juan P. Saez eta R. Jimenez (Estadio Español Santiago).
-Hirugarren: S. de Orte eta F. García (Estadio Español Santiago).

2. maila:
-Txapeldun: N. de Orte eta F. Alonso (Estadio Español Santiago).
-Txapeldunorde: C. Moll eta F. Nieto (Estadio Español Santiago).
-Hirugarren: Cristobal Astorquiza eta Martin Astorquiza (Euzko Etxea).

3. maila:
-Txapeldun: C. Moll eta F. Alonso (Estadio Español Santiago).
-Txapeldunorde: Jorge Oyarzun eta Cristobal Belmar (Euzko Etxea).
-Hirugarren: Maritxu Bastarrica eta Sebastian Arraztoa (Euzko Etxea).

Santiago Campeonato Nacional Trinquete 2012

[Maila desberdinetako txapeldunak elkarrekin Berriketarirentzat argazkia ateratzeko (argazkia Berriketari)]

Winnipeg-en urteurrena

Horrez gain, iragan irailaren 9an Euzko Etxeak Winnipeg ontziaren etorreraren 73. urteurrena ospatu zuen. 1939ko irailaren 3an heldu zen ontzia Valparaisora, 36ko gudatik ihesi zetozen errefuxiatuekin. "Ontzian Frantziara ihes egitea lortu zuten euskaldun asko zetozen, eta horien artean gudari batzuk ere. Itsabidaian korua egin zuten euskaldunek; asko Frantziako konzentrazio-zelaietan hasiak ziren kantatzen, Ramon de Muguruzaren zuzendaritzapean, eta bidaian beste zenbait batu zitzaizkien. Txilera heldu zirenean bertako Euskal Orfeioarekin batu ziren", azaltzen du buletinak.

Euzko Etxeak omenaldia egin zion elkarteko Euskal Abesbatzari, "Winnipeg-ean etorri eta taldeko honeko kide izan zirenak oroitzeko", dio Berriketarik. Ekitaldian plaka oroigarria eman zioten abesbatzeko zuzendariorde Eduardo Astorquizari eta “Itxaropen Gaztea” dantza taldeak ohorezko aurreskua dantzatu zuen.

Santiago 73 Aniversario Winnipeg

[Eduardo Astorquizak Winnipeg-aren etorreraren 73. urteurreneko plaka oroigarria jaso zuen, Euskal Abesbatzaren izenean (argazkia Berriketari)]

Hurrengo ekitaldiak

Berriketarik elkartearen hurrengo jardueren berri ematen du ere, horien artean urriaren 7an egingo den Mikel Deuna eguneko jaia. Aurten jaia ezingo da betiko lekuan egin, San Cristobal mendiko elizan beste ekitaldi bat dagoelako, baina Euzko Etxean ospatuko da.

Berriketari jaso nahi izanez gero, bidali mezua hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia