euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Santiagoko Euzko Etxeak ongietorria eman zien Erasmus truke-programako ehundik gora euskal gazteei

2025/03/25

2025eko Erasmus truke-programako ikasleak Santiagoko Euzko Etxean
2025eko Erasmus truke-programako ikasleak Santiagoko Euzko Etxean

PUBLIZITATEA

Santiago, Txile. Harrera-ekitaldi polita antolatu zuen Euzko Etxeak Erasmus programaren bidez Santiago, Valparaiso eta Talcara iritsitako ehun gazte euskaldunei ongietorria emateko. Euskal Herri osoko neska-mutilek sei hilabete pasako dituzte Txilen, hiru hirietako unibertsitateetan ikasten edota praktikak egiten. “Aukeratutako karrerak bariatuak dira, tartean, pedagogia, gizarte lana, psikologia, ingeniaritzak… eta praktiken artean, medikuntza eta erizaintza dira aukeratuenetakoak. Ikasleetako batzuk, gainera, familia dute Txilen eta familia ezagutzeko ere aprobetxatzen dute”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Euzko Etxeko lehendakari Ignacio Bastarrica Molinak.

Topaketaren hasieran, Bastarricak berak hartu zuen gazteei hitz batzuk zuzentzeko ardura; erakunde euskal-txiletarreko gazteak arduratu ziren, euren aldetik, ongi-etorri elkarretaratzeko parte ziren tabernaz, dantzez eta jolasez, eta lan ederra egin zuten. Izan ere, "etxean bezala sentitu gara" edo Santiagoko Euskal Etxean "Euskal Herriko zatitxo bat aurkitu dugu" bezalako esaldiak maiz errepikatu ziren gazte europarrek EEko gazte eta arduradunei esanik.


Ignacio Bastarricak eman zien ongietorria ikasleei (irudia Berriketari-MACV)

Sei hilabete hauetan Euskal Etxeak antolatuko dituen ekintza guztietan parte hartzera ere gonbidatu zituzten txiletarrek, horien artean euskara eskoletan, dantza entsegu eta erakustaldietan, pilota partidetan… Bertan urtean zehar ospatzen diren Euskal Herriko jai tradizionaletara ere gonbidatu zituzten, adibidez aurten ‘Euskaraldia’rekin bat egiteko euskara taldeek antolatuko duten ekitaldira, edo orain apirilean Euzko Etxeak Aberri Eguna ospatzearren egingo duen ohiko bazkari eta ospakizunera.

“Urtean bitan antolatu ohi ditugu Euskal Herritik Txilera datozen euskal gazteentzako harrera-ekitaldiak, seihileko bakoitza hasi aurretik. Gazteek inguru familiarra aurkitzen dute –haien gurasoetako batzuek idatzi egiten digute ere harrera eta eskaintzagatik eta gu hemen egoteagatik eskerrak emateko– eta guretzat ere eskertzekoa da, Euzko Etxea euskaraz eta gaztetazunez betetzen dela ikusten baitugu… Oso esperientzia polita eta aberasgarria da guztiontzat”, bukatzen du lehendakariak.

- Santiagoko Euzko Etxea Instagram-en: euzkoetxeachile



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia