euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Santiagoko Euzko Etxeak alkartasun kanpaina bati ekin dio, dardarak kaltetutako Pintue herriskan

2010/05/07

Pintueko elizaren itxura lurrikara gertatu aurretik (argazkia historiadepaine.blogspot.com-en politesia)
Pintueko elizaren itxura lurrikara gertatu aurretik (argazkia historiadepaine.blogspot.com-en politesia)

PUBLIZITATEA

Txileko Santiagoko Euzko Etxeak otsaileko lurrikara azkarrak kaltetutako Pintue herriskako biztanleei laguntzeko alkartasun kanpaina bati ekin dio, Aculeo laku ondoan, Paineko udalean kokatzen den auzo honetako eliza berreraiki edo konpontzeko, "berau baita bertakoek komunitate bizitza egiten duten lekua". Hiriburu txiletarreko euskal etxekoen esanetan, "ekimen hau eta leku hau hautatu ditugu geure hondar alea ipintzeko, dardarak gogor kaltetutako aldea izan arren, epizentroko tokietatik urrun delako egunkariak ez baitira hona iritsi eta ohargabean pasatu zaizkio komunitateari bertakoek jasan dituzten kalte eta galera handiak". Laguntza helburu honekin, Euskal Abesbatza eta EEko Dantza Taldekoek emanaldia eskainiko dute Maiatzaren 21an Pintueko Eskolan. Bertaratzeko gonbidapena luzatu diote publiko euskaldun eta ez-euskaldunari, eta baliabideak biltzeko asmo berarekin zabaldu dituzten kontu korronteetara diru emaitzak egiteko.

Santiago, Txile. Hiriburu txiletarreko Euzko Etxeak bere bazkide eta lagunei bidali dien gutunak azaltzen du, otsaileko lurikararen aurrean geldirik ezin geratuta, erakundeko Zuzendaritza Batzordeak alkartasun kanpaina bat antolatzea erabaki duela behar larrian dauden pertsona multzo bati laguntza emateko. "Horretarako dardarak gogor jo zuen hurbileko herriska errural bat hautatu dugu", Pintue izenekoa, hain zuzen, Aculeo laku ondoan, Paine izeneko comuna edo udalean. "Ekimen hau eta leku hau hautatu ditugu geure hondar alea ipintzeko, dardarak gogor kaltetutako eremua izan arren, epizentroko tokietatik urrun delako egunkariak ez baitira hona iritsi eta ohargabean pasatu zaizkio komunitateari bertakoek jasan dituzten kalte eta galera handiak".

Pintue herriskan, segitzen du oharrak, "Pintueko San Jose eliza dago, joan mende hasieran eraikia, eta kaltetua oso bere horma eta teilatuan, Auzokoek ekintza ugari antolatu dituzte eliza berreraikitzeko asmoz, berau baita komunitate bizitzaren erdigunea", eta lan horretan nahi du lagundu Santiagoko Euzko Etxeak.

Kontzertua dirua biltzeko

Honela, maiatzaren 21ean, goizeko 11:30etan, Txileko Euskal Abesbatza eta Euskal Etxeko dantza taldea elkarrekin arituko dira Pintueko Eskolan egingo den emanaldi batean. "Geure kantu eta dantzekin, eta horri gehituz emango diegun laguntza ekonomikoa, euskaldunok, geure guraso immigranteei harrera eman zien lur honetako biztanleekin eskuzabalak izaten dakigunaren erakusgarri izango dira".

"Egun ederra izango da eta guztiak daude gonbidatuta. Ekitaldiaren ondoren, enpanada eta ogitarteko batzuk partekatu ahal izango ditugu. Santiagotik, irteera Maiatzaren 21eko gozieko 9:45etan izango da". Ekimenean parte hartzeko interesa izan dezaketenek Euzko Etxeko Idazkaritzarekin jar daitezke harremanetan.

Kontu korronteak zabalik

Kontsultak eta ekarpenak Karin Alvaradok bideratuko ditu Euzko Etxeko Idazkaritzan; edo telefonoz zuzenenan mintza daiteke Zuzendaritza Batzordean gai honen ardura hartu duten kideekin: Ignacio Bastarrica Molinarekin (mugikorra 76640549) edo Andoni Torrontegui Martínez-ekin (mugikorra, 95391906).

Zuzenean diruz lagundu nahi dutenek, asko dute sarrera hona egitea:

Banco Santander Santiago
Cta. Cte. 2566044-7
Euzko Etxea
Rut. 70.080.700-2



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia