euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Santiago eta Viñako Euskal Etxeek Julian Celaya Gizataldeekiko Zuzendariaren bisita jaso zuten

2009/11/20

Julian Celaya --erdian, eserita-- emakumeez inguratuta Viña-Valparaisora egindako bisitan, Club Naval delakoan egin zitzaion harrera ekitaldiaren baitan
Julian Celaya --erdian, eserita-- emakumeez inguratuta Viña-Valparaisora egindako bisitan, Club Naval delakoan egin zitzaion harrera ekitaldiaren baitan

PUBLIZITATEA

Hego Ameriketako puntara Argentinako Euskal Asteko ekitaldietan parte hartzera ekarri zuen bidaia berean inguratu zen Txilera Julian Celaya Eusko Jaurlaritzako Euskal Gizataldeekiko Zuzendaria. Ekimen argentinarraren aste berean lehenxeago, Andeen Mendebaldeko magaleko herrialde honetan ofizialki onetsita dauden bi euskal etxeak bisitatu zituen, Santiago hiriburuan eta Viña-Valparaison.

Viña del Mar, Txile. Hiriburu txiletarrean, Julian Celaya eta berarekin laguntzaile zihoan Andoni Martin bere saileko teknikaria, egoitza Vicuña MacKenna hiribidean daukan Euzko Etxea Euskal Etxera hurbildu ziren, euskal elkarteko zuzendariekin bildu eta euskaldunek bertan dauzkaten instalazio ederrak bisitatuz, Eusko Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Gizataldeekiko zuzendari berriak herrialde honetara egiten duen lehenengo bisitan.

2009 celaya valparaiso 02

[Julian Celaya Viña-Valparaison antolatu zioten harrera ekitaldira etorritako gizonezko talde batekin, Txilera egindako lehenengo bisitan, 2009ko urriaren 27an]

Ondoren, autoa hartuta, kostalderaino doan errepidea hartu eta Txileko bigarren euskal etxeko kideak bisitatzera abiatu ziren. Asteartea zen, urriaren 27a eta Bosgarren Erregioko Eusko Etxea Euskal Etxeak, Archibaldo Uriarte lehendakaria buru, propio antolatutako ongietorri ekitaldi bero batera gonbidatu zituen.

Valparaisoko euskaldunekin berbetan

Ongietorri hitz goxoak eskaini zizkion Celaya zuzendariari Archibaldo Uriarte Eusko Etxea-ko lehendakariak. Elkartearen historia luzea laburbildu zion, gaur eguneraino helduz eta egun bertako euskal gizataldeak dauzkan erronkak aipatuz. Uriartek, historia hori biltzen duen Arrojos, dichas y nostalgias. Vascos en el Valparaíso del siglo XX liburuaren berrargitalpena iragarri zuen. Obra hau, Rubila Araya Ariztia kazetariak Eusko Etxearen babesean idatzia, Txile independentea sortu zeneko bigarren mendeurreneko ospakizunen testuinguruan nahi luke berrargitaratu Uriartek.

2009 celaya valparaiso 03

[Julian Celaya Valparaisoko 'Club Naval' delakoan egindako harrera ekitaldian parte hartutako zenbait jenderekin]

Eusko Etxea-ko lehendakariak, izan ere, Urazandi bilduman plazaratuta dagoen liburu horren kopia bat eman zion opari Julian Celayari, baita ere Euskadi, la tierra de nuestros ancestros euskal gaiko margolan eta eskulturak bildu zituen erakusketako erregistro bat, hau ere Valparaisoko Eusko Etxeak gauzatua, azken hilabeteotan, Maria Luisa Sainz Aguirrezabal eta Laura Rojas Zubieta kudeatzaile.

Euskal gizataldeko eta gonbidatuak solasaldi luze eta ireki batean sartu ziren, bazkaldu ondotik seiak joak ziren arte. Aipatutako agintariez gain, harrera ekitaldian parte hartu zuten, besteak beste Eugenia Zamudio Isla Negrako 'Pablo Neruda' Museoko zuzendari ohiak edo, esaterako, Valparaisoko Eusko Etxea-ko hiru belaunalditako kideak, tartean  Begoña Magunacelaya, Ana Maria Garrido, Edurne eta Arantzazu Elorriaga, Manuel Jesus Uriarte, Francisco Pinedo edo Gustavo Ossa.

Lotura interesgarriak

Santiagoko Euzko Etxea
www.euzkoetxeachile.cl

Viña-Valparaisoko Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl

Txileko euskaldunak eta bertako erakundeak
http://www.euskonews.com/0072zbk/gaia7204eu.html

Vascos en el Valparaiso del siglo XX
http://www.euskonews.com/0382zbk/kosmo38201.html

 



Komentarioak

  • Zubelzu

    Kaixo lagunak ! Zer dago argazkian ? Hiru banderak: txiletarra , ikurriña eta bestea. ez dut ulertzen ! Txiletarra oso ondo , ikurriña ondo ere, baina bestea? zer egiten ari da hor?.ez dut ulertzen ! Gu euskaldunak gara eta harro gaude !! Zubelzu partetik !

    Raimundo Riquelme Zubelzu, 2009/11/22 21:39

« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia