euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Olaran Txistu Taldeak pieza bat estreinatu eta ikurriña emango dio Santiagoko San Frantzisko elizari

2014/12/11

Irudian, taldea emanaldia prestatzen. Ezker-eskuin, Ignacio Tejeda (txeloa), Francisca de Negri (biola eta ahotsa), Ramon Garay (biolina) eta Gotzon Espinosa (txistua). (argazkia, Olaran Txistu Taldea)
Irudian, taldea emanaldia prestatzen. Ezker-eskuin, Ignacio Tejeda (txeloa), Francisca de Negri (biola eta ahotsa), Ramon Garay (biolina) eta Gotzon Espinosa (txistua). (argazkia, Olaran Txistu Taldea)

PUBLIZITATEA

Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldeak ekitaldi berezia egingo du bihar Santiagoko San Frantzisko elizan, omenaldi gisa herrialdeak santu-aldarrikatze bidean izan duen eta bertan debozio asko biltzen duen Fray Pedro Bardeciren hilobiaren aurrean. Hor estreinatuko da bihar Txilen Uruñuelaren Andante bariazioekin, txistu, biolin, biola eta biolontxeloarentzat, eta Olaran Taldeak ikurriña emango dio dohaitzan San Frantzisko elizari.

Santiago, Txile. Angel Espinosa txistulari txiletarra gidari duen Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldeak honako oharra bidali digu Txilen eta Diasporako euskaldunen artean zabal dezagun, deia eginez euskaldun, euskaltzale eta fededunek parte har dezaten bihar ostirala arratsaldeko zazpietan Santiagoko San Frantzisko elizaren barruan, Fray Pedro de Bardeci-ren (Urduña, 1641 - Santiago, 1700) hilobi aurrean, euskal musikaz, dantzaz eta kantuz egingo den Omenaldira.

Hona deialdia: Abenduaren 12an, ostirala, hilero bezala, Omenaldia egiten diogu Fray Pedro Bardeci-ri. Honakoan, Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldeak euskal ikurrin bat emango dio doaintzan San Frantzisko elizari, anaitasunezko lokarri historikoak sortuz honela Santiagoko eliza honekin, hau guztia Euskal Herriaren egiazko sentipenaren eta eskuzabaltasunaren adierazgarri, munduko herriekiko. 

Aldi hain berezi honetan, estreinatu egingo da Txilen txisturako errepertorio klasikoko lan oso bat: Andante bariazioekin, Uruñuela euskal musikagilearena txistu, biolin, biola eta biolontxeloarentzat; gabon.kantak joko dira baita ere, hala nola Mesias Sarritan (txistu, danbolin, bibolin), Olentzero eta Hator, hator; baita mezarako ohiko kantuak ere, euskara zaharrean, eta Ohorezko Aurreskua ere eskainiko da.

Gonbitea luzatzen diegu euskaldunei eta Euskal Herriaren lagun diren guztiei une berezi eta Eguberri Festa hau partekatzera. Ahal dutenei, euren euskal jantziak soinean eta txapelak buruan etortzea eskatzen diegu, ikurrinak eskuetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia