euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Gure Etorkia kultur taldeak Aberri Eguneko jai alaia egin zuen San Cristobal mendian

2013/04/08

San Cristobal mendian Aberri Eguna ospatu zuen Santiagoko euskaltzale taldea (argazkia RRiquelme)
San Cristobal mendian Aberri Eguna ospatu zuen Santiagoko euskaltzale taldea (argazkia RRiquelme)

PUBLIZITATEA

Iragan martxoaren 31n Santiagoko Gure Etorkia elkarteak laguntalde mardula bildu zuen Txileko hiriburuan, Aberri Eguna ospatzeko. Ohi duenez, elkarteak San Cristobal mendatera igoera egin zuen, eta hango Eusko Enparantza delakoan, egin ziren ospakizunak, Gernikako Arbolaren kimuaren ondoan. Ekimenera bildu ziren, besteak beste, Rafael Kutz, Euskadiko Ordezkaria Txilen; eta Rossana Arza, "Colectividad Vasca de Chile" euskal etxeko presidentea.

Santiago, Txile. Santiagoko Gure Etorkia kultur elkarteak gero eta lagun gehiago biltzen ditu Aberri Eguneko jaira; izan ere, ekitaldi koloretsu eta orijinala egiten du beti. Aurten ere taldeko lagunak San Cristobal mendiaren tontorrean bildu ziren, martxoaren 31n, eta hango Eusko Enparantzan ospatu zuten festa. Bertara bildu ziren besteak beste Rafael Kutz, Euskadiko ordezkari berria Txile eta Perurako; Rossana Arza, "Colectividad Vasca de Chile" elkarteko presidentea, eta herrialde honetan ikasketak egiten ari diren hogei bat unibertsitario.

Ekitaldia abiatuz meza elizkizuna egin zen, Colectividad Vasca de Chile elkarteko koruaren ahotsek lagunduta, Raimundo Riquelme antolatzaileak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. Soraya Carvajal sopranoak zuzentzen duen koruak euskal kantuak abestu zituen, horien artean Iñigo Ereserkia, Damu Otoitza, Ogi Zerutik eta Agur Maria. Meza ostean aurreskua dantzatu zen, Rafael Kutz ordezkari berriari ongi etorria eginez.

Txistulari gazteen erakustaldia

Jarraian, dantzariek erakustaldia eman zuten, Hilario Olazaran txistulari gazteen taldearekin batera. "Ezusteko ederra izan zen sei txistulari gazte hauek entzutea. Angel "Gotzon" Espinozaren gidaritzapean, trebetasunez jo zituzten fandangoak eta kalejirak; gure aspaldiko amets bat egi bihurtuta", esan du Riquelmek. "Azpimarragarria da ere Txilen unibertsitate ikasketak egiten ari diren hogei bat gazteren partehartzea. Festarekin bat egin zuten, dantzan eta irrintziak botatzen".

Santiago Gure Etorkia Aberri Eguna 2013

[Euskal dantzak San Cristobal mendatean (argazkia RRiquelme)]

Santiago Gure Etorkia Aberri Eguna 2013 2

[Angel "Gotzon" Espinozak zuzentzen duen txistulari taldeak azken hilabeteotan ikasitakoa erakutsi zuen (argazkia RRiquelme)]

Azkenik, Riquelmek azaldu duenez, Rossana Arzak, "Colectividad Vasca de Chile" euskal etxeko presidenteak, "ekitaldiarekin bat egiteko gonbitea eskertu zuen eta datorren urtean ere bertan izateko asmoa agertu zuen". 

Gure Etorkiak festaren bideo hau argitaratu du sarean:  

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia