euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko Eusko Abesbatza Euskal Herrira helduko da larunbatean, bere 70 urteak ospatzeko kontzertu biran

2009/05/12

Eusko Abesbatzeko kideak Santiagoko Euzko Etxearen aurrean (argazkia Euzko Abesbatza)
Eusko Abesbatzeko kideak Santiagoko Euzko Etxearen aurrean (argazkia Euzko Abesbatza)

PUBLIZITATEA

Datorren larunbatean, maiatzaren 16an, Txileko Santiagoko Eusko Abesbatzako kideak Bilbora helduko dira, elkartearen 70. urteurrena ospatzeko Euskal Herrira egingo duten lehendabiziko biran. Maiatzaren 24a arte izango dira Euskal Herrian eta zenbait emanaldi egingo dituzte, hala nola Plentzian, Donibane Lohizunen eta Bermeon, azken honetan herriko Habanera Jaialdian. Koraleko zuzendaria Patricio Aburto da eta presidentea Andoni Torrontegui.

Santiago, Txile. Santiagoko Euzko Etxea-ko Eusko Abesbatzako 26 taldekideak ostiralean bertan abiatuko dira Euskal Herrirantz, bertan 9 eguneko egonaldia egiteko asmoz. Koruak bere 70 urteurrena ospatzen du aurten, 1939an Txilera zetorren Winnipeg barkuan euskal erbesteratu talde batek sortu zuenetik. Orain Euskal Herrira egingo duten itzulera bidai honekin kantariek luze amesturiko guraria egi bihurtuko dute.

'Nagusientzat egindako lanarengatik saria da eta gazteentzat Euskal Herria, euren guraso edo aiton-amonen lurra ezagutzeko aukera. Ezagutu gabe ere lur horri kantatzen diote eta. Gaur egun taldean dauden gazteentzako akuilua izango dela espero dugu', azaldu dio EuskalKultura.com-i Andoni Torronteguik, abesbatzeko presidenteak.

Habanerak Bermeon

Koruaren egitarauak emanaldiak eta turismoa bilduko ditu. Maiatzaren 16ean kantariak Somorrostro, Santurtzi, Barakaldo eta Sestao ezagutuko dituzte. Igandean Plentziako Maria Magdalena elizan kantatuko dute eta ondoren Barrikan, Punta Galean eta Getxon izango dira. Astelehenean Gernika, Elorrio eta Durango bisitatuko dituzte (azken hau koruko kide Angel Tellituren sorterria da).

Maiatzaren 19an Arantzazuko Santutegian eta Oñatiko Unibertsitatean izango dira eta maiatzaren 20ean Gasteizen Eusko Legebiltzarra bisitatuko dute, eguna Logroñoko upategi batean bukatzeko. Maiatzaren 21ean taldeak Donibane Lohitzuneko eliza batean kantatuko du eta ondoren Miarritze, Baiona eta inguruko herriak ezagutuko dituzte. Maiatzaren 22an Zarautzen, Donostian, Altsasun eta Iruñean izango dira eta maiatzaren 23an Bermeoko Habanera Jaialdian kontzertua emango dute.

Gazteen berrikuntza

Bidaia prestatzea garestia izan bada ere, taldeko kideek euren diruarekin eta hainbat erakundeen laguntzarekin (Jaurlaritza, Txileko Emprebask enpresari elkartea eta Euskal Herriko enpresariak) aspaldiko ametsa betetzea lortu dute. 'Harro esan dezaket nire taldekideen neke eta ahaleginarekin eta Txileko eta Euskadiko enpresarien laguntzekin amets hau bizitzea posible egiten ari garela', dio Torronteguik.

Taldeko kide batzuk Euskal Herria ezagutzen dute, baina gehienek ez. 'Azken urteetan gazte asko biltzea lortu dugu, denak unibertsitariak, ikasketei orduak kenduz gure entsegu eta emanaldietan parte hartzen dutenak. Korua gaur egun honela osatua dago: 4 jaiotzez euskaldunak dira, 6 euskaldunen semeak gara, 5 euskaldunen bilobak edo birbilobak eta beste 12ek ez dute Euskal Herriarekin odol harremanik. Azken talde honetan koruan azken 40 urtetan ibili diren batzuk daude', bukatzen du presidenteak.


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia