euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txileko euskaldunek euskararen alde Santiagoko kaleetan 'Korrika' ospatu zuten bertako 2007ko Euskal Astea

2007/11/15

Euzko Etxearen Korrikak Santiagoko kaleetara atera zuen 2007ko Euskal Astea, bertakoak ahozabalik
Euzko Etxearen Korrikak Santiagoko kaleetara atera zuen 2007ko Euskal Astea, bertakoak ahozabalik

PUBLIZITATEA

Santiagoko Euzko Etxea Txileko 2007ko Euskal Astearen egoitza izan da egunotan eta bertako euskaldunek hamaika ekitaldiz gozatzeko parada izan dute: zinema, mintzaldiak, kontzertuak, 'Akelarre' bat eta euskararen aldeko lasterketa, besteak beste. Santiagoko euskaldunek euren Korrika propioa egin dute --beranduago, bai, baina gogoz gainezka-- eta euskararen aldeko aldarria eta besta giroa hiriko kaleetan zabaldu dute. Euskal Asteari bukaera emanez, Enrike Zelaia soinujole nafarrak 800 lagun bildu zituen kontzertua eskaini zuen.
Txileko euskal komunitateak 2007ko Euskal Aste biziaz gozatu ahal izan du egunotan, Santiagoko Euzko Etxeak eta Euskadiko Ordezkaritzak prestaturiko egitarau mardulari esker. Ekitaldiak joan den asteko asteartean, azaroaren 6ean, hasi ziren, Euzko Etxean egindako irekiera ofizialarekin. Euskal etxeko kide eta lagun asko bildu ziren bertara, horien artean elkarteko presidentea, José María Narvarte, eta Euskadiko ordezkaria Txilen, Jon Erdozia.

Biek hala biek era honetako ekitaldiak antolatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten, batez ere Txile bezala, euskal komunitate zabala duten herrietan. Irekiera hitzaldien ondoren Montxo Armendariz zuzendari nafarraren 'Obaba' filmea izan zen ikusgai. Jakina denez, filme honek Bernardo Atxaga idazlearen 'Obabakoak' eleberri ezaguna du oinarri.

Mintzaldia, eztabaida eta 'Akelarrea'

Astean zehar beste ekitaldi ugari egin zituzten Euzko Etxean, hala nola mus eta pilota txapelketak eta euskal gaiei buruzko hiru libururen aurkezpena: Los Vascos en Chile, Miguel Laborderena; Mi hermano Koldo, Juan Urdangarinek idatzia; eta Primera Delegación de Euskadi en Chile, Palmira Oyangurenen lana. Aurkezpenean liburuon idazleak eta Jon Erdozia, Euskadiko ordezkaria, izan ziren eta entzuleen parte hartzeak eztabaida bizia eta aberasgarria soryu zuen, ordezkaritzako iturriek azaldu dutenez.

Asteko ekitaldi deigarrienetako bat 'Akelarrea' izan zen, euskal elkarteko eta Santiagoko gazteentzat antolaturiko besta. Bazko Irlakomusika lantzen duen Rapa Nui musika taldeak eta euskal talde folklorikoek parte hartu zuten ekitaldian, erritmo eta musika horiek rockarekin eta egungo euskal taldeen emaitzekin nahasiz, gehienbat gazteei zuzenduriko ekitaldian. 'Izan ere, gaueko ordu txikietaraino dantzan eta kantuan gozatu ahal izan zuten bertara bildu zirenek'.

Santiagoko kaleetan ttipi-ttapa

Iragan igandea izan zen Euskal Astearen azken eguna eta goizean goiztik gogotsu azaldu ziren Txileko euskaldunak, kiroletako oinetakoak eta arropa jantzita Santiagoko kaleetan Korrika egiteko prest. Euskararen aldeko 7 kilometroko lasterketa izan zen eta sasoi onean egoteaz gain, euskararen alde agertzeko asmo sendoa dutela erakutsi zuten korrikalariek.

Ibilbidea Euskadiko Ordezkaritzan hasi eta Santiagoko kaleak igaro ostean Euzko Etxea-raino heldu ziren. Bertan indarrak berreskuratzeko pintxoak eta Kaiku markako yogurrak zerbitzatu zituzten (Txilen presentzia duen Kaiku enpresa Euskal Astearen babeslea izan baita). Ainara Madariagak, HABEko irakasleak, euskararen aldeko adierazpena irakurri eta euskararen transmisioan emakumeek egiten duten lana goraipatu zuen.

Enrike Zelaiaren kontzertua

[Goiko irudian Enrike Zelaia musikaria dantzari eta entzuleen aurrean soinua jotzen]

2007ko Euskal Asteari bukaera emateko Enrike Zelaia soinujole altsasuarrak kontzertua eskaini zuen. Ekitaldia Pontificia Universidad Católica-n egin zen, zortziehun bat lagun inguru bilduz. Artistak entzulegoa 'liluratu' egin zuen. Berarekin batera bi koru --Euzko Etxea-koa eta Pintana Komunako haurrena-- eta Euskal Etxeko dantza taldea ere aritu ziren. Ekitaldian Txilen euskal musikaren ordezkari izan diren hiru laguni omenaldia egin zieten: Luis Uriarte Larrañaga, Antonio Narvarte Sanz eta Antonio Andrés Urbietari.


Lotura interesgarriak

Euzko Etxea, Santiago, Txile
www.euzkoetxeachile.cl

Valparaisoko Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl

Txileko Euskal Astea 2007
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 8an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia