euskal diaspora eta kultura
2011/04/13
PUBLIZITATEA
Olatz Sanchez Lamikiz/Santiago, Txile. Joan den apirilaren 9an, larunbatez, lagun ugari elkartu zen Santiagoko Arma Plazan, Korrika 17ren aldeko bideoa grabatzeko. Hitzordua goizeko hamaiketan finkatu zuten eta tantaka jendea agertuz joan zen. Giro eguzkitsua nagusi, beroaren azken arrastoak genituen Santiagon, hego hemisferioa udazkenaren atarian dago eta.
Grabazioaren sekuentziak azaldu eta taldeak osatu genituen, nork bere lekua hartu eta ahalik eta jende gehien parte hartzeko. Denetarikoa izan zen bertaraturiko jendea: baziren euskaldunak, baziren euskal jatorrizko txiletarrak, txiletarrak, ikasleak, paseoan zebilen eta giroa ikusita parte hartzera animatu zen jendea... Kolore guztietako argazki ederra.
Eta are ederragoa izan zen jendearen prestutasuna, jendeak erakutsitako laguntzeko gogoa, hain zuzen ere.
[Korrikaren bideokliparen grabazioan parte hartu zuten lagunak Santiagoko Arma Plazan (argazkia OSanchez)]
Grabazioa bi orduz luzatu zen eta antolatzaileen arabera, uste baino askoz ere denbora laburragoan egin zuten lana. Gaitzerdi, inondik ere, hasiera batean ez baitzirudien batere erraza hainbeste jenderen koordinazioa behar zuen bideoklipa grabatzea, aurretik entsaiorik egin gabe. Inprobisazioa eta gogoa ordea, taldearen alde jarri ziren.
Poliki-poliki jendea berotuz joan zen, ez eguzkiaren ondorioz soilik, Korrikaren kantak entzunaren entzunaz ere, zeren egunotan Euskal Herrian zehar bueltaka dabilen Korrikaren zirrarak munduko edozein bazter hunkitzen baitu. Edonor. Edonon.
Aurki bideoaren grabazioa aurkeztuko dute hemendik hara zabaltzeko eta funtsean, euskal hizkuntzaren aldeko elkartasun keinuak munduko edozein bazterretaraino iritsi ahal direla erakusteko. Irakatsi ederra Santiagoko lagunek munduari eman diotena.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus