Txileko Valparaisoko Euskal Etxetik heldu zaigu elkartasun kanpaina honen deia. Azken asteotan Txileko Atacama inguruan izan diren uholde larriek lubiziak eragin dituzte, eta bertako herritar asko etxerik gabe eta laguntza beharrean gelditu dira.
Valparaisoko Euskal Etxeko presidente Archibaldo Uriartek zera dio helarazi digun deian: "euskaldunak solidarioak gara, bereziki Txilerekin, herrialde honek euskaldunak eskuzabal hartu dituelako beti, beste garai batzuetan eta beste arazo batzuekin hona etorri ginenean. Orain, jasotako elkartasuna bueltatzeko ordua da, Txileko Iparraldean beharrean direnei lagunduz".
Elkartasun kanpaina Txileko euskal komunitate osoari zuzendua da eta euskal etxe, enpresa eta erakundeei ere luzatu zaie deia. Valparaisoko Euskal Etxeari dagokionez, laguntza horien kudeaketaren arduraduna Amaia Ortega, euskara irakaslea, izango da. Galderak egiteko edo laguntza emateko, jarri berarekin harremanetan amaia.eus@outlook.es e-mailera idatziz, edo 56977828087 mugikorrera deituz. Informazio gehiago euskal etxearen e-mailera idatziz: vascovalpo@entelchile.net.
Baita Perun ere
Perun ere larriak izan dira uholdeak eta euskal komunitatea herrikideei laguntzeko abian jarri da. Oso gertu izan dituzte arazoak Liman, lubiziek kaltetutako Chosica eta Huarochiri hiriburutik 30 kilometrora baino ez daude eta. Legaz (Limako Euskal Gazteria) gazte taldeak elikagai eta arropa bilketa kanpaina jarri du abian. Limako Euskal Etxean (Av. La Reserva Nº 297 , Miraflores) ari dira jasotzen elikagai horiek (ura, esnea, arroza...) eta berokiak.
-Txile eta Peruko lubiziei buruzko informazio gehiago,
hemen.
-Peruko Chosica hiriko uholdeei buruzko albistea,
hemen.