Hileta elizkizunen ostean bere bi ilobek eta Iñaki Narvarte semeak hitz ederrak eskaini zizkioten aitona eta aita zutenari. Lur ematea Narvarte familiak Viña del Marreko Santa Ines kanposantuan duen mausoleoan izan zen. Bertan azken agurra egin zion Kepa Bilbao apaizak eta jarraian hitza hartu zuten Narvarteren lagunek eta euskal komunitateko ordezkariek: Archibaldo Uriarte, Valparaisoko Eusko Etxeako lehendakariak; Pedro Arraztoak; eta Jon Erdoziak, Euskadiko Ordezkariak. Azken honek zerraldoa estaltzen zuen ikurriña eman zion Narvarteren alargunari, Eusko Jaurlaritzaren eta Txileko euskaldunen izenean.
Bere lagunek "gizon on bat" bezala gogoratu zuten eta "bere musikarekin Santiago eta Valparaisoko euskal komunitatea urte askotan alaitu izanak" asko pozten zuela aipatu zuten. Archibaldo Uriartek Antonioren "hitz eta idea batzuk" gogora ekarri nahi izan zituen eta horretarako Valparaisoko euskaldunei buruzko liburua prestatzeko Rubila Arayak egin zion elkarrizketan esandakoak aipatu zituen. Jarraian Uriarteren hitzaldiaren zatiak eskaintzen ditugu:
Archibaldo Uriarteren hitzak
'Antoniok, gizon onak, zera esaten zigun: "Irunen egin nituen lehen negarrak 1923 urtean. Nire gurasoak Antonio Narvarte eta Ana Sanz Garayalde izan ziren. Nire anaiak Cástor, Rafael y Javier".
36ko Gudak bere bizitza markatu zuen. "Nire familiak 36ean Frantziara ihes egin behar izan zuen, Nafarroako erreketeak zetozelako. Hendaian, osaba baten etxetik, txikizoa ikusi ahal izan nuen: Colon pasealekua, Irungo erdigunea, erabat erre zuten. Orduan 13 urte nituen. Bi urtez Frantziako hegoaldean egon ginen, euskal familientzako aterpe batean. Dena den, komunitatean bizitzea ederra izan zen, oso ondo pasa genuen. Gero Parisera joan ginen, 12 hilabetez".
Txilera etortzeko gonbidapena
Gero anaiei buruz hitz egin zigun, emozio handiz: "Urte hartan Castor nire anaiak zerbitzu militarrera joateko adina bete zuen. Ez zuen Euskal Herrira bueltatzeko beharrik, baina aitak gudarostean sartzeko eskatu zion, eginbehar morala zela esanez eta ohoreagatik joan zen frontera".
"Txilera etorri ahal izateko nire amaren anaiak, Santiago Sanzek, erreklamatu egin behar izan gintuen. Berak 20 zeramatzan hemen. La Pallicetik atera ginen, familia osoa, osaba-izebak eta amona barne, eta Orbita untzian egin genuen bidaia. 1939an heldu Valparaisoko portura. Gero Santiagora joan ginen eta ni eskolan hasi nintzen eta anaiak lanean. Estatuko Unibertsitate teknikoan (orain Santiagoko Unibertsitatea) ikasi nuen eta ingeniari mekaniko titulua atera nuen", azaltzen zigun.
Gabriela Mistralekin kontaktua
"Fakultatean koru bat egin genuen eta ni jai guztietan kantuan aritzen nintzen, oso ezaguna bihurtu nintzen", gogoratzen zuen. Ikasle garaietako unerik onenetakoa 1941ean izan zen, Brasilen Gabriela Mistral ezagutu zuenean. Mistral Brasileko kontsul general izendatu zuten garai haietan. "Euskalduna nintzela jakitean bere euskal jatorriei buruz hitz egin zidan, Alcayaga bere bigarren abizenarengatik", azaltzen zigun. "Liluratuta gelditu nintzen emakume harekin, bere hitz egiteko erarekin, bere tratu goxoarekin. Xarma handia zuen".
"Unibertsitateko taldearekin emanaldi asko eskaini genituen eta Txileko antzoki asko ezagutu genituen. Irunen soinua jotzen ikasi nuen eta Hohner akademian teknika hobetu nuen. Ikasle koruaren ostean frantsez estiloko talde bat osatu nuen, garai haietan frantses musika puri-purian zegoelako, Edit Piaff eta Charles Trenet adibidez, eta nik frantsesa oso ondo hitzegiten nuenez.... Paris Laukotea ginen eta 20 bat disko grabatu genituen ".
Euskal komunitateari ekarpena
"Txilera heldu ginenetik Santiagoko Eusko Etxeko jardueretan parte hartzen genuen. Dantza talde zoragarria zegoen bertan, Santos Bustosek zuzendua. Nire anaiek dantza egiten zuten eta musika nire ardura zen, organo, soinu eta txistuarekin. Gainera Txileko Unibertsitateko Polifonikoan ere aritu nintzen. Ramon Muguruzaren lagun izan nintzen; berarekin Santiagoko koruan kantatzen genuen eta lan eskerga egin genuen 20 musikariek osatutako orkestrarekin".
"Valparaisoko Euskal Etxearen inaugurazioan egon nintzen eta akordeoiarekin musika jarri nuen egun horretan. Oso interesgarria izan zen, bertan zeuden lagunak, Olaeta, Mondragon, Andraca
, denak pozarren. Bazkari bat egin genuen, menua ez dut gogoan, baina ziurrenik makailua izango zen. Euskaldun peto-petoak izaki, kantan bukatu genuen, soinuarekin. 1960an Viña del Marrera bizitzera etorri nintzen, emaztearekin eta Juan Antonio, Maritxu, Maite eta Iñaki sema-alabekin".
Protagonista eta erreferentea
Ahaztezinak izan ziren Antonio eta bere familiak euskal elkartearen jardueretara eginiko ekarpena: Casablancara txangoak, Iñaki Deuna eguneko ospakizunak, Valparaisoko Eusko Etxeako jaiak... Luis Mondragon doktoreak Iñaki Deuna eguneko jaiak dakartza gogora: "aretoa bete egiten zen, baina arratsean gutxi batzuk gelditzen ginen, Antonio Narvarte nekaezinaren musika entzuten, besteak etxeratzen ziren bitartean".
Azkenik, Antonio berak zera zioen: "pozten nauena urte askotan nire musikarekin Santiago eta Valparaisoko euskal komunitateak alaitu ahal izan ditudala da".
Agur Antonio, gizon on, Goian bego zeruan.
Lotura interesgarriak
Valparaiskoko Eusko Etxea
www.euskoetxea.cl
Antonio Narvarte hil da Txilen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrileko 29an
Valparaiko euskaldunei buruzko liburua
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abenduaren 13an