Santiago, Txile. "Euskal Herriko leku zoragarriak" du izenburu aste honetan, asteazken, ostegun eta ostiralean, esan nahi baita hurrenez hurren uztailaren 10, 11 eta 12an, Santiago hiriburu txiletarrean 'Colectividad Vasca de Txile' (Txileko Euskal Gizataldea) euskal etxea antolatzaile egingo den Euskal Asteak. Ekitaldiak euskal etxeak egoitza duen Las Condesko Estadio Español erakundearen instalazioetan garatuko dira.
Asteazkenean, uztailaren 10ean, Euskal Dantzaren Gala aurkeztuko dute, EEko 'Euskadiko Lagunak' dantza taldearen eskutik. Maitane Uribe gidari. "Gogoratu nahi dut duela hamar bat urte Maitanek parte hartu zuela dantza ardatz izan zuen Gaztemundun, Euskadin, eta harro esan dezaket bere dela gure dantza taldeko dantzarien irakaslea", adierazi dio EuskalKultura.eus-i Txileko Euskal Gizataldea EEko lehendakari den Rossana Arza Pizarrok.
'Txileko Euskal Gizataldea' Euskal Etxeko 'Euskadiko lagunak' dantza taldea
"Dantza bakoitzarekin, jatorria duen herria edo lekua erakutsi, eta azalpenak emango ditugu, zehatz-mehatz non dagoen aurkeztuz publikoari", jarraitu du. Ostegunean, uztailaren 11an, dokumental bat pantailaratuko dute, hitzaldi bat eskaintzearekin batera, "Euskal turismoa" izenpean, Euskadiren Txile, Peru eta Kolonbiarako ordezkari den Rafael Kutz Garaizabalen eskutik, "Euskadiren egungo turismo leku interesgarrienetako batzuk azalduz bertaratutakoei", segitu du Rossana Arzak.
Uztailaren 12an, euren XI. Koru Topaketa egingo dute, hamar abesbatza partaide. Koruek "bakoitzak, erritmo, gai, konpas eta ezaugarri askoren isla izango dira, Espainiako erregioetakoak eta beste herrialde batzuetakoak ere", esan du Arzak. "Anfitrioia Txileko Euskal Gizataldearen abesbatza izango da, Henry Wilson maisua zuzendari, jendaurretuko dituelarik Andre Madalen, Ikusi Mendizaleak eta Desde Santurce a Bilbao". "Programa elkarretaratze batekin bukatuko da", amaitu du euskal etxeko lehendakariak. Jarduera guztiak 19etan izango dira.
Ekintzez betetako urtea ari da bizitzen Txileko Euskal Gizataldea aurten, bere 17. urteurrenean. Gorlizen eta Santiagon bizi den Lucy Sepulveda Velasquez irakasle eta idazleak “Brotes Líricos en la Bahía” liburuaren olerki batzuk irakurri zituen Espainiar Estadioko Antonio Nebrija liburutegian. Maiatzean, gainera, Roberto Casanova Esparzak Blas de Lezori buruzko hitzaldi bat eskaini zuen eta ‘Euskadiko Lagunak’ taldeko dantzariak, Maitane Uriberen zuzendaritzapean, Txileko Ondarearen Eguneko ospakizunetan aritu ziren. Taularatutako dantzak, Aurresku, Arin Arin, Jauzi, Makil dantza eta Arku dantza.
Maiatzean ere egin zen elkartearen Batzar Nagusia, eta Rossana Arza ber hautatu zuten lehendakari, Zuzendaritza Batzordea honela geratu zen:
- Lehendakari: Rossana Arza Pizarro
- Lehendakariorde: Ma. Juliana Zabala Ansoleaga.
- Diruzain: Estrella Aguirre Pallavicini
- Idazkari: Carlos Negrete Anguita
- Zuzendariak: Silvia Vesperinas Diaz, Mª Texia Irureta Chamorro, Felix Halcartegaray Vergara eta Francisco Alcalde Monforte
- Batzorde Kontu Ikuskatzailea: Esteban Bastarrica Santoro, Luz Marina Echavarri eta Texia Rogers Irureta
- Ohorezko epaimahaia: Ema Arrieta eta Carlos Menares
- Hauteskunde Batzordea: Francisco Cortés Cerezo
Txileko Euskal Gizataldea sareetan,
https://colectividadvascadechile.cl
https://www.facebook.com/colectividadvascachile
https://www.instagram.com/colectividadvascachile