Txileko Euskal Gizataldea euskal etxea zenbait ekimen ari da prestatzen 10 urte betetzen ari den urte honetan, urteurren hori ospatzearren. Ikasturte berriaren hasieran hiru proposamen abiarazi ditu dagoeneko: euskara eskolak, euskal abesbatza eta euskal dantzak, guztiak elkarte honen egoitza den Las Condeseko Estadio Español delako erakundean garatuak. Iragan asteazkenean, bestalde, "Más allá de una sola voz" liburuaren aukezpena ere babestu zuen aterki duen Las Condeseko erakunde berean.
Santiago, Txile. Hiriburu txiletarreko Colectividad Vasca de Chile delako euskal etxeak bozkarioz ekin dio apirilean hasi berria duen 2017ko jarduera-urteari, izan ere hamar urte beteko dituen urtea delako, eta karia horretara zenbait ekimen ari da prestatzen bere lehenengo hamarkada egoki ospatu ahal izateko, EuskalKultura.com-i helarazi dion ohar batean agertzen duenez.
Bertan adierazten duenez, abian ipini ditu dagoeneko Euskara Tailerra, doainik, asteazkenero 19:00etatik 21:00etara gauzatzen duena; bere Euskal Abesbatzako saioak, entsegu edo errepikak astelehenetan 19:30etatik 21:00etara eginik; eta Euskal Dantza Tailerra, asteazkenetan, 19:00etatik 20:30etara, guztiak egoitza duen Las Condeseko Estadio Españok erakundean. Xehetasunak eskuratzeko, honako zenbakietara deitu daiteke: +56 990 168 110 edo +56 993 238 369.
Euskal Etxeak, bestalde, liburu baten aurkezpena babestu zuen joan den asteazkenean, apirilaren 12an, Estadio Españoleko liburutegian, Mariví Marañón, Carmina Villalba eta Lucy Sepúlvedaren Más allá de una sola voz, "beren bizipen eta gogoetak azaltzen dituzten zenbait kontinentetako emakumeen ahotsen topagune den liburua".