Santiago, Txile. Euskal Ahotsa du izena Santiagoko Txileko Euskal Gizataldea Euskal Etxeak atera berri duen albistegi digitalak. 2023ko Gaztemundu-n parte hartu zuen eta euskal etxeko kide den Pablo Casanova kazetariak bultzaturik, helburu argia du proiektuak: “Euskal Herriarekin lotura duten gaiei lekua eman nahi diegu, merezi duten garrantzia emanez… gure herriaren lana ere ezagutarazi nahi dugu Pazifikoan, Kantauri Itsasoan edo munduko edozein bazterrean”, aurkezten du Gizataldeko lehendakari Rossana Arzak albistegiaren lehenengo zenbakiko editorialean.
Euskal Ahotsa doan irakur daiteke Euskal Etxearen wegunean. “Gaur egun gailu teknologikoek baldintzatu egiten dute gure bizimodua… elkarretaratzeak ez dira aurrez aurrekoak eta gero eta aplikazio gehiago daude adimen artifiziala erabiltzen dutenak… horregatik oso garrantzitsua da gizakion arteko harremanak bizirik mantentzea beti ere baliabide digitalei bizkarra eman gabe”, azaltzen du Arzak.
Lankidetza eske
Buletinak gai ugari jorratzea du xede, tartean euskal sukaldaritza, musika, kirolak eta dantzak. Euskarak ere izango du tartea eta datozen zenbakietan euskal kulturaren erreferente diren lagunei egindako elkarrizketak argitaratuko dituztela iragartzen dute. Lehenengo zenbakian, Euskal Etxeko lehendakariak idatzitako editorialaz eta erakundearen historiaz gain, hainbat agintariren agurrak topa daitezke, Lucy Sepúlveda idazleari buruzko artikulu bat, euskarazko atala eta Euskal Etxeak aurrera daramatzan ekintzen berri.
Albistegia sarean da dagoeneko eta Euskal Etxeko lagunak abenduan argitaratuko duten bigarren zenbakiari begira ari dira lanean. “Proiektuaren bultzatzaile nagusia hasieran Pablo Casanova izan bada ere, bazkide guztiak gonbidatu nahi ditugu buletinean parte hartzera. Partaidetza aktiboa ezinbestekoa da, bai egileen taldean bai irakurle gisa”, adierazi du lehendakariak.
Euskal Shotsa link honetan dago irakurgai. Colectividad Vasca de Chile Facebook-en ere badago, eta baita Instagram-en ere.