Santiago, Txile. Txileko Euskal Gizataldea (Colectividad Vasca de Chile) euskal etxeak, euskal eta txiletar ahotsak dituen 'Selección lírica desde los confines' poema-liburuaren aurkezpenera gonbidatu du asteazken honetan Santiagon. Ekitaldian hizlari izango da liburuaren editore eta poemetako batzuen egile den Lucy Sepúlveda, sortzez txiletarra baina denbora daramana bizitzen Euskal Herrian, Gorlizen hain zuzen, eta egunotan Txilen bisitari. Deia Txilen urtero apirilean ospatzen den Liburuaren Hilabetearen baitan egin da.
Gorlizek harreman estua dauka Txilerekin, Lucy Sepúlveda medio eta poeta txiletarra kide duen Gorlizko Poetak kolektiboaren bidez. Hamar bat poeta kide dituen egungo taldea 2018an bateratu zen poema-liburu bat osatu zutenean, 'Brotes líricos en la bahía' izenburupean, nahiz eta Sepúlveda eta beste pertsona batzuk hamar urte lehenago ere biltzen ziren Gorlizen, poesia hizpide, Udal Liburutegiak eta bertako liburuzain Gari Gorostizak eta Kultura Etxeak emandako bultzada eta babespean.
125 orrialde
'Itsas ertzean - A pie de mar' 2006an plazaratu zen, sei egileren obrez, poema eta hitz lauz. 2011etik bertako poetek euren lekua topatu dute Gorlizko jaien programan, errezitaldi bat emanez. Bigarren liburu bat ere heldu zen, Udalak argitaratua, 2018an, 'Mendi, txori eta itsaso arpegioak – Arpegios de montes, pajaros y mar' titulupean, bertako eta Bizkaiko beste herri batzuetako egileak partaide.
Orain Santiagon aurkeztuko den liburua osatzeko gonbitea Txiletik heldu zen. Lucy Sepúlvedarekin batera honakoek sinatutako poemak bildu dira: Ana Blanco, Juan Humberto Campos, Andrés Galán, Gladys Gutiérrez, Gloria Lepilaf Ñonque, Sergio Manosalva, Marta Manríquez, Florentino Hernán Morales, Luis Enrique Obreque, Delvyhe Reynolds, Marcelo Sandoval, Marco Santander y Abel Sandoval. "Hiru euskal ahots eta gainerakoak txiletarrak", dioskute.
Liburuaren aurkezpena Las Condeseko Estadio Español-eko Antonio de Nebrija Liburutegian egingo da, 19:30etan.