Santiago, Txile. Ikasturte berrian zehar eskainiko dituen tailerrak –tartean euskara, abesbatza, dantza eta musika (txistu eta danbolina)– abiarazi ditu dagoeneko 'Txileko Euskal Gizataldea' EEak. Eta ez hori bakarrik: ikasturtearekin batera ospakizunak ere hasi ditu Santiagoko Las Condesko Estadio Español-en egoitza duen euskal etxeak. Martxoaren 29an, esaterako, 'Hispano Palooza' Kolektibitate jaialdiko seigarren edizioan hartu zuen parte, Estadioan egoitza duten Estatuko gainerako 10 kolektibitateekin batera.
Euskal gizataldeari dagokionez, standak euskal janari eta edariak saldu zituen eta erakusgai izan zituen baita ere Euskal Herriko hainbat ikur eta irudi. Horrez gain, EEko ‘Euskadiko lagunak’ dantza taldeak ‘Aurresku’, ‘El quemao makil dantza’, ‘Makil handi dantza’ eta ‘Arin arin’ dantzatu zituen, EEtik EuskalKultura.eus-i jakinarazi zaionez. Eguraldiak lagundu egin zuen Estadio Españolen instalazio zabaletako berdeguneetan garatutako ekimenean eta jai egunera inguratutako publikoa gogoz aritu zen txaloka.
Txalo zaparrada jaso zuten 'Txileko Euskal Gizatalde'ko 'Euskadiko Lagunak'eko dantzariek
“Jaialdi polit eta jendetsua izan ohi da. 1.200 bat lagun biltzen dira, bakoitzaren plater tipikoez eta dantzez gozatzen dute”, azaldu digu Euskal Etxeko lehendakari Rossana Arzak jaialdiaz galdetuta. "Aukera ederra izaten da guretzat egiten ditugun ekintzak erakutsi eta parte hartzera gonbidatzeko, bereziki Euskal Herrikoak edo euskal jatorrikoak badira”, diosku.
Hitzaldi bat eta 'Euskal Ahotsa'
Apirilaren 4an eta Liburuaren Hilearen baitan, ‘America mestiza’ izenburuko bere liburuari buruzko hitzaldia eskaini zuen Estadio Españolen Miguel Laborde Duronea irakasle eta idazleak. Aurkezpena primizia modukoa izan zen –liburua irailean kaleratuko da, Madrilen– eta Diego Moreno biolinistak euskal abesti batzuk jo zituen. Theodoro Elssaca izen handiko idazleak eta Lucy Sepúlveda olerkariak ere hartu zuten parte ekitaldian.
Miguel Laborde Duronea irakaslearen hitzaldia
Gogora dezagun Miguel Laborde Duronea, aitaren zein amaren aldetik dela euskal erroduna, eta duela hogeita bost bat urte pasexe 'Los Vascos en Chile (1820-2000)' liburua argitaratu zuela, eta besteren bat gai berari buruz lehenago ere. Amaitzeko esan, Txileko Euskal Gizataldeak plazaratzen duen Euskal Ahotsa aldizkariaren bigarren zenbakia prest dagoela eta laster zabalduko dela Euskal Etxeko webgunean eta sare sozialetan, EEtik adierazi zaigunez.
-Txileko Euskal Gizataldea Facebook-en, Colectividad Vasca de Chile
-Txileko Euskal Gizataldea Instagram-en, colectividadvascachile