euskal diaspora eta kultura
2013/06/24
PUBLIZITATEA
Viña del Mar, Txile. Aurreneko aldiz ospatu da aurten Viña del Mar hirian "Txistulari Eguna" jaia, Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldeak eta Gure Etorkia Kultur Guneak antolatuta. Ekitaldi honen lehendabiziko edizioa izan da aurtengoa baina, antolatzaileek aditzera eman dutenez, etorkizunean jarraipena izango du.
Txistulari Egunak bat egin zuen Galiziar Letren Egunarekin eta euskal-txiletarrek Centro Cultural Amigos de Galicia de Viña del Mar elkarteak antolatutako ekitaldian parte hartu zuten. Ekimenaren lehen partean Roberto Vidal Bolaño galiziar idazleari omenaldia egin zioten eta galiziar poesia irakurraldia egin zen.
[Hilario Olazaran taldeko txistulariak, Angel Espinozaren zuzendaritzapean, erakustaldia eman zuten Galiziar Letren Eguneko ekitaldian]
Euskal literaturak ere bere lekua izan zuen ekitaldi honetan: Raimundo Zubelzu Gure Etorkia kultur zentroko zuzendariak Joseba Sarrionandiaren "Zita" poema irakurri zuen. Jarraian ohorezko ardo batekin topa egin zuten bertara bildutakoek; gaita, txistu eta albokaren doinuek alaituta.
Txistulari Eguneko bigarren zatian Hilario Olazaran Txileko Dantza eta Txistu Taldeak kalejira egin zuen Viña del Mar hiriko kaleetan barrena. "Hiritarrak harrituta gelditu ziren gu ikustean eta txaloka hasi ziren. Ekitaldia Maria Luisa Bombal plazan egin genuen dantza eta musika erakustaldiarekin amaitu zen", azaldu dute taldeko arduradunek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus