euskal diaspora eta kultura
2009/04/10
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastian. Kronologikoki aipatzearren, Kuba eta Venezuelako euskaldunek berez Aberri Egunari dagokion egunean bertan ospatuko dute, datorren igandean, alegia, Berpizkunde Igandez. Hau esan beharra dago, Diasporan asko baitira Aberri Eguna ospatu bai, baina jatorriko datarekiko astebete, bi aste edota hiru aste eta gehiagoko atzerapenez ospatzen dutenak.
Kubako Habanan
La Habanan, Aberri Eguneko egitarau oso bat prestatu dute. Ekitaldi guztiak Centro Vasco izeneko jatetxean egingo dira, hiriko Vedado barrutian. Hasiera, bezperan izango da, mus txapelketa batekin, "Lehenengo Mus Txapelketa Euskal-Kubatarra", larunbatean, arratsaldeko hiruretatik zazpi t'erdiak arte. Igandean, eguerditik (12:00) aurrera, Edorta Jimenez idazle euskaldunak ekitaldi bat aurkeztuko du. Maria Teresa Cornide Habanako Asociación Vasco Navarra de Beneficencia delakoko presidente denak hitz batzuk esango ditu. Parte hartzaileen artean, Unai Muñoa (Lasarte) eta Ander Lizarralde (Oiartzun) bertsolariak. Biak elkarrekin eta baita Luis Paz eta Emiliano Sardiñas repentista kubatarrekin ere arituko dira.
Ordu bata t'erdietatik aurrera, bazkaria, 120 lagun espero direlarik. Hiru t'erdietatik aurrera, erromeria, Kupela talde azpeitiarraren musikarekin, Ray Fernandez trobadore kubatarrarekin, bertsolariekin eta beste zenbaitekin. Asteazkenean, azkenik, argazki erakusketa bat zabalduko du, Ipar Euskal Herriaz, Daniel Velezek (Baiona), argazkilaria ere bertan egonik.
Venezuelako Caracasen
Caracaseko Eusko Etxekoentzat ospakizun handia da Aberri Eguna. Hemen ere bere egunean berean ospatzen dute, datorren igandean, beraz, El Paraiso hiriburuko barrutiko euskal egoitzan. Eguna goizeko hamaiketan hasiko da, meza batekin, Eusko Etxeko Areto Nagusian. Eguerdiko hamabietan, ikurriña eta bandera venezuelarra igoko dira mastetara, dantzari batek ohorezko aurreskua dantzatuz. Ordubatean, pilota partiden txanda, Eusko Etxeko instalazioetan. Ordubietan, berriz, ahaidetasun otordua, dastagaien artean babarrunak, marmitakoa, txipiroiak, atuna tomatearekin eta lomito.
Txileko Santiagon
Txileko Santiagon, ostera, ohitura, bere egunean bertan baino, hurrengo igandean ospatzea da. Bertako Aberri Eguna, beraz, apirilaren 19an ospatuko da. Ekitaldia goizeko 11etan hasiko da, ohiko mezarekin, tradizio den bezala Euzko Etxetik gertu den Agustindar Andere Seroren (lekaimeen) Komentuko Elizan, elizkizunean Euzko Etxeko Gizon Abesbatza jardungo delarik. Hau bukatuta, gauzak euskal egoitzara aldatuko dira eta Euzko Etxean bertan, 12:30etan, musika eta dantza emanaldia izango da, zintzurra bustitzen den bitartean. Hor arituko dira, berriz ere Eusko Etxeko Abesbatza eta bertako Itxaropen Gaztea gaztetxoen dantza taldea, aire zabaleko kantxan. Ordubietan, bazkariari ekingo zaio, tartean buruzagien hitzaldiak eta, inprobisaturik, euskal kantu tradizionalak, bertaratu ohi diren ahots aipagarrien eskutik.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus