[Artikulu hau, 'Kale bat Santiagon, kale bat Altsasun' izenburupean, joan den udan eman zuen argitara Sakanako Guaixe aldizkari nafarrak Altsasuko bere orrialdeetan. Gonzalo, Juan Ignacio, Jose Antonio eta Jorge Maiza Melero txiletarrek euren birraitonaren sorterrira, 'erroetara' egindako bidaia aipatzen du, eta Txilen zein Euskal Herrian nabarmendu zen euren familiaren berri. Guaixek sinatzen du artikulua]
Guaixe / Altsasu, Nafarroa. Beraien ama hil ondoren lau anaiek elkarrekin "erroetara" bidaia bat egin nahi izan zuten, "erroek beti deitzen dizutelako". Eta haien birraitonen herrietatik pasa ziren: Lemoiz, Mundaka eta Altsasu. Argitu dutenez, haien senide gehienak Burundakoak dira, "soilik gure amonetako bat ez zen altsasuarra" argitu zuten. Herrian dagoeneko ez dute seniderik.
Isidoro Melero Noblea eta Paz Lopez de Goikoetxea haien birraitona eta birramona ziren. Anaietako batek azaldu duenez, "Isidoro eta Pazen argazkiak amaren etxean daude jarrita. Gugan beti oso presente egon da Isidoro. Txikitatik erakutsi ziguten familia batua izatearen ideia, erroak gogoratzea, nondik gatozen gogoratzea". Bikoteak hiru seme eta alaba bat izan zituen: Guillermo (gerra zibilean hila, ez dakite ez non, ez nola), Pablo, Concepcion eta Rufino. Azkenak izan zuen familia bakarrik. "Antzeko zerbait gertatu zen gure aitona Rufino Maiza Urrestarazuren aldean (altsasuarra hura ere). Gu Jose Maiza Surearen semeak gara. Txilen Urrestarazu ugari daude, hainbat adarretakoak, gure senideak dira". Gogoratu zuten garai batean bainuetxe batera joaten zirela udan eta bertan hainbat Urrestarazu, Maiza, Gurrutxaga eta beste elkartzen zirela.
Seniderik ez badute ere, herriarekin harremana mantentzen dute. Jose Luis, Juan Jesus eta Mikel Zelaia Mendiak lagunduta ibili ziren Altsasun. "Asko ikasi dugu, erroen berri gehiago izatea zen helburua. Sorpresaren bat izan dugu, ezagutzen ez genuen informazioa jaso dugu eta gure lehengusuek izugarri estimatuko dute. Lehengusu nagusiena, zenbaitetan hemen egona, enbaxadore izana eta oso ikasia dena, hark ere ezagutzen ez zuen informazioa jaso dugu. Ederra da. Helburua bete dugu. Seme-alabengan pentsatuz, gure erroak lantzeko indarra ematen digu. Oso eskertuta gaude".
Javier Ollo Martinez alkateak eta historia memoriako zinegotzi Jokin Zelaia Oiarbidek harrera egin zieten udaletxean. Baita bisitarien gidari lana egiten aritu ziren Jose Luis, Juan Jesus eta Mikel Zelaia Mendiak ere. "Guretako ohorea eta emozioa da birraitonen eta aitonen lurrean egotea", esan zioten alkateari. Udal ordezkariek lau bisitariei herriko armarria brodatua duen zapi bana eta koadro bat oparitu zizkieten. Azken horretan Altsasuri hiri txit prestua izendapena eman zion Madrilgo Gazetaren (gaur egungo Estatuko Buletin Ofiziala) erreprodukzioa eta kale bati Isidoro Melero izena ematea erabaki zen udal bilkuraren aktaren kopia ageri dira.
Alkate
Zinegotziak aukeratu zituzten 1903ko azaroaren 18an. 1904ko ilbeltzaren 1eko 10:00etan udal berria eratu zuten. Jose Mari Celaya Larreak, Antonio Salinasek, Juan Miguel Larreak, Jose Martin Mazquiaranek, Francisco Maria Goicoecheak, Santiago Celayak, Toribio Arreguik, Juan Jose Arinek eta Francisco Goicoechea Leceak zinegotzi berriei harrera egin zieten. Honakoak ziren: Isidoro Melero Noblea, Paulino Arregui, Maximo Zabala, Jose Goicoechea eta Francisco Celaya. Aurretik zinegotzi izandako lauk kargua utzi zuten. Ondoren alkatea aukeratzeko bozketa sekretua egin eta gehienak Meleroren alde botoa eman eta alkate izendatu zuten. Bi urte pasata, atzera ere, alkate aukeratu zuten. 1908ko martxoaren 29ra arte izan zen alkate.
Melero alkate zela, 1907ko martxoaren 27an hiri txit prestu izendapena jaso zuen Alfontso XIII.a erregearen eskutik. Hitz horiek dira gaur egun herriko armarria inguratzen dutenak. Antza, Francisco Javier Gonzalez de Castejon y Elio Vadilloko Marquesaren eta Lorenzo de Izal kaputxinoaren gestioen ondorio izan zen izendapena. Lau anaiek azaldu zuten amak kontatutakoa: "gure birraitona ministroren edo goi politikariren baten laguna zen. Kontuan izanik Altsasu tren geltoki garrantzitsua zela eta bestelako merituengatik, kontaktuak egin eta Altsasurendako hiribildu txit prestua izendapena lortu zuen. Halakoak ez zituen kontatzen aitonak".
Ogibidea
Noblea eta Meleroren alarguntsa izeneko txarol fabrika zegoen Altsasun, XX. mendearen hasieran. Lantegia Gipuzkoarako errepidean zegoen, gaur egungo Isidoro Melero kalean. 1905ean lantegiak 20 langile zituen. Enrike Zelaiak jasoa duenez, urte hartan Santa Ageda ospatzen zuten gazteak ez ziren ohiko errege zozketara agertu, ez zuten saindua mezan gurtu ezta plazan zortzikoa dantzatu ere. Horregatik, suteen babesle den sainduak herria zigortu zuen txarol fabrikaren sutea "baimenduz", hala esan zuen apaizak.
Isidoro Argentinara, Buenos Airesera, joan zen 1908 edo 1910 urtean eta han larrugintzan segitu zuen. Mikelek Maite Soriak kontatutakoa aipatu zien: "zuen aitona Argentinara Claudio eta Felix Agirrebengoarekin batera joan zen. Harekin lan egiten zuten eta harekin joan ziren". Rufino Melero (1888ko lastailaren 15ean jaioa) 1910 edo 1912an iritsi zen Txilera. Rufino Maiza Urrestarazu (18994an jaioa) Panamako kanala zabaldu berritan iritsi zen Txilera, 1914an. Batek txarola egiten zuen besteak larrugina zen. Birraitona eta bi aitonak Txilen zeuden dagoeneko.
Larruginen feria bat egon zen Buenos Airesen eta hara Txilen bizi zen alemaniar bat joan zen. Txarola egiteko zuten teknika ikusi eta Rufinori esan zion: "Txilen halakorik apenas dago, ez da egiten. Nik uste dut zuendako merkatu handia dagoela han". Txilen zortea probatzera joan zen. Herrialde hari buruzko informazio gutxi zegoen eta "fede gutxi" zuten, baina ongi moldatu zen. Eta familia Txilera eraman zuen. "Oso teknika ona zen, txarolik onena egiten zuten. Eta XX. mende hasierako 20. eta 30. hamarkadetan txarola boladan zegoen: oinetakoetan, poltsoetan…" azaldu du anaietako batek, "garai hartan aberastu zen. Ondoren hirigintza negozioak egin zituen".
Lehen Mundu Gerra hasi zenean frantziarrendako lanean zegoen Valparaison (Txile). Jabe ziren hiru frantziarrak gerrara joan ziren eta larrugintza enpresaren ardura utzi zioten. Alemaniarren kontrako gerra azkar bukatuko zelakoan joan ziren, "hilabete batzuen ondoren bueltatuko gara". Lau urteren ondoren, hirurak bizirik bueltatu ziren. "Aitonak enpresa aurrera eginarazi zuen eta horregatik saritu zuten", azaldu dute. Zehaztapena ere egin zuten: "Txilen larrua ontzen zuten gehienak nafarrak eta iparraldekoak ziren: Etchegaray, Etchepare…"
Anaiek azaldu dutenez, aitonak enpresa sortzearekin batera, haren ondoko lursail guztiak erosi zituen. Lur haiek zatikatu eta bere langileei eman zizkien, han beraien etxeak eraiki zitzaten. Horretarako, estatuak langileei eraikuntza finantzatzea lortu zuen. Hala, lantegiaren ondoan Rufino Melero herria zegoen. "Aitonak gizarte ikuspegi handia zuen", zehaztu dute ilobek. Rotary Clubeko kide zela Zelanda Berriko eskola bat babestu zuen, diru ekarpen handiak egiten zituela jakinarazi zuten haren ilobek. Ekimen ugarirengatik, Espainiaren izena goratzeagatik, Isabel katolikoaren domina eman zioten. Ondoren, herrialdearen alde asko egin zuten atzerritarrak aitortzeko Txileko Gobernuak ematen aitortza gorena (Bernado O’Higgins) jaso zuen. Santiago de Txileko udalaren aitortza eta bestelakoak ere jaso zituen.
Lau belaunaldiren ondoren Santiago de Txilen Curtiembre Rufino Melero SA enpresa dago, larruak ontzen dituena. Erdi eta Hego Amerika, Europa, Asia eta Ozeaniako 19 estatutara esportatzen du ondutako larrua. Javier Melero da enpresarekin harremanetan jartzeko kontaktua.
Kalea
Angel Ayerra Redin alkate zela eta Jesus Echarri Echarri (ondoren alkate izanen zen), Julian Elorza, Jose Mendia Galarza, Pablo Corcuera Garcia zinegotzi zirela, Altsasuko Udalak 1954ko garilaren 30eko bilkuran kale bati Isidoro Melero izena ematea erabaki zuen. Udaletxean gordetako akta liburu batean jasoa dagoenez, "on Rufino Melerok udalari jakinarazi dio 100.000 pezeta (601,01 euro) eman nahi dizkiola". Ordurako dirutza zen. Rufinok zehaztu zuenez, diru hartatik 25.000 pezeta (150,25 euro) nekazari eta abeltzainen kooperatiba baterako ziren eta gainontzeko 75.000 pezetak (450,75 euro) kale "berriari" zorua emateko. Kale hori egungo Isidoro Melero kalea da.
Laukoteak azaldu zuenez, "aitonak ez zigun sekula esan halako dirutzarik eman zuenik. Esan ziguna da saiatu zela traktoreren bat ematen saiatu zela". Haiekin udaletxean zen Mikelek zehaztapena egin zuen: "Maite Soriak esan didanez, berak etxean beti entzun izan du Rufinok Altsasuko nekazariendako traktore bat erosi nahi izan zuela.
Nekazariak bildu ziren. Makinak lursailen arteko mugarriak hautsi zitzakeenez eta, ondorioz, bakoitzaren lurrak zein ziren jakiterik ez zenez izanen, ezetz erabaki zuten. Eta, beraz, traktorea erosteko bideratutako dirua eman egin zuen". Horren berri bazuten lau anaiek.
Herria 1954 urtean udaletxearen atzean bukatzen zen. Urte hartan mustutzear zen Burunda frontoia. Intxostian etxe batzuk eraikitzen ari ziren. Batzuen eta besteen artean plaza bat sortu behar zen. Bilkura bereko beste puntu batean Altsasuko Udalak erabaki zuen Rufino Melero izena ematea sortuko zen plaza harri. Horrela eskertu zion udalak emandako dirua. Udaletxean ostiralean zeuden altsasuarren ustez herrian sekula ez da egon Rufino Melero plazarik.
Santiago de Txileko kalea
Rufino Melerok garai hartako Santiago de Txileren kanpoko aldean lur ugari zituen eta hirigintza proiektuak egin zituen. Inguru hartako kaleei berak jarri zizkien izenak. Hirigintza proiektu haietako batean etxebizitzak eta irteerarik ez zuten hiru kalexka zituen. Batek Albacete eta besteak Alacant izena zuten. Rufinok bere alaba bakoitzari etxe bat eman zien hirugarren kalexkan. Haren akaberan jaio ziren lau anaietako hiru eta 2020an hil zitzaien arreba ere. Bostetik lau Altsasu izeneko kalexkan jaio ziren, Santiago de Txilen.
Mikelek lehengusuak kontatutakoa azaldu zuen: "kale bati bere izena ematea proposatu ziotenean berak ezezkoa eman zuen. Berea beharrean kaleari bere herriaren izena emateko esan zuen". Lau anaiek esan dutenez, "hura ezagututa, litekeena da horrela izatea. Ez zitzaion gustatzen jendeak jakitea zer egiten zuen". Txilen zeuden espainiarren artean dirua bildu eta kirol, gizarte eta kultur elkartea sortu zuten, Estadio Español izena hartu zuena; 1950eko lastailaren 12an mustu zuten.
Rufino Melero oso soziala zen. "Guretako oso presente zegoen aitona izan zen. Beti kontatzen zizkigun bitxikeriak, beti kantarazi egiten zigun, espainiar koloniaren jarduerak zeuden tokietara, batera eta bestera eramaten gintuen. Bere oroitzapen izugarria dugu". Rufino Melerok bere memoriak idatzi zituen. "Zoritxarrez berak nahi bezain beste ezin izan zuen idatzi. Berandu. Familia giroko liburu bat idatzi zuen". Altsasura kopiaren bat helaraziko zietela jakinarazi zuten anaiek.