euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txile Euskal Herrian: euskal-txiletar talde batek jai nazionala ospatzeko ohitura bete zuen, Urdazubin

2008/11/06

Urdazubiko bazkarian izan ziren euskal txiletar lagunak (argazkia Berriketari)
Urdazubiko bazkarian izan ziren euskal txiletar lagunak (argazkia Berriketari)

PUBLIZITATEA

Aurtengoan ere, 1910etik datorren usadio zaharrari jarraiki, Euskal Herriko euskal-txiletarrek Txileko jai nazionala ospatu zuten, bazkari bat eginez. Hitzordua Nafarroako Urdazubin gauzatu zuten, aurreko edizioak Lapurdi-Baxenabarre aldean egin ostean. Jaiak, berez, Txilen 1810eko irailaren 18an egin zen lehenengo Gobernu Batzordearen aldarrikapena gogoratzen du, herrialde honen independentzia prozesuaren hasiera alegia. Txilen bizi izan diren euskaldun batzuk eta Diasporarekin harremana duten beste lagun multzo bat urtero biltzen dira data hau gogoratuz eta tradizioak urte asko iraungo dituenaren itxaropena dute, jaira gazte jendea eta lagun berriak ere inguratu baitira aurten.

Urdazubi, Nafarroa. Aspalditik Euskal Herrian bizi diren euskal-txiletarrek eta Txileko euskal Diasporarekin harremana duten lagunek bazkari bat egiten dute urtero irailaren 18an Txileko jai nazionala ospatzeko. Aurreko edizioetan hitzordua Ipar Euskal Herriko hainbat herrietan ospatu zuten, baina aurten, sobera urrundu gabe, baina Nafarroara pasatuz, Urdazubi herrian egitea erabaki zuten. Jaiaren antolatzaileetako bat izan den Martin Aycaguerrek bertan bizitakoen berri eman dio Txileko Euskal Etxeko Berriketari aldizkariari, guk hona ekarri dugun lekukotasuna emanez: 'Egun ederra izan zen, giro ederrarekin eta kantuan, dantzan eta jan-edanean ospatu ginen'.

Antolatzaileek agertu dutenez tradizio hau abian jarri zuten lagunak joanak dira, baina urtetik urtera gazte jende eta lagun berri gehiago biltzen dira jaira eta etorkizunean ere euskal-txiletarren bilkura honek iraungo duenaren itxaropena dute. 'Belaunaldi berriek taldeari ekartzen dioten berriztatzeak pozez betetzen gaitu, eta munduko bazter honetatik euren bizitzan Txilerekin harremana izan duten guztiak zoriondu nahi ditugu egun honetan', azaldu dute antolatzaileek.

1910az geroztik

Bazkarian parte hartu zutenen artean honakoan egon ziren, besteak beste, antolatzaileen hitzetan: 'Pedro Dagorret eta emaztea, Pedro Arbeletche eta emaztea, Cástor Narvarte eta emaztea, Michel Etchebeste eta emaztea, Jacques Jáuregui eta emaztea, Benjamín O’Ryan eta emaztea, Jon Irala eta emaztea, Etienne Duhart eta emaztea, Marie Carmen Saez, Jon Elorriaga eta emaztea, Guillen Zaldumbide eta emaztea, seme-alabak eta ilobak (6 guztira), José Choribit eta bere sendia (4), Edurne de Sasié (88 urte, jaiko ezustekoa!), Paskale Salaberry eta Martín Aycaguer'.

Antzinatik ospatzen da jai hau Euskal Herrian eta, izan ere, badira 1910eko irailaren 18an Euskal Herriko zenbait herrietan (Donibane Garazi, Hazparne, Biriatu...) Txilera emigratu eta Euskal Herrira bueltatu ziren euskaldunek egin zituzten bazkarien argazkiak eta dokumentuak.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia