Bahía Blanca, Argentina. Joan den ostiralean Bahia Blanca astindu zuen uholdeak galera handiak eragin ditu eta egoera latza utzi du. Martxoaren 7an, goizaldera, ordu gutxitan, urtebetean adina euri bota zuen eskualdean. Milaka pertsona ebakuatu zituzten eta, gaur arte, 16 hildako zenbatu dituzte. Sei egun igaro dira eta auzo askotan oraindik urak ez dira jaitsi. Argentinako Euskal Etxeek deialdia luzatu diete euren bazkide eta lagunei, bertan antolatu diren bilketei laguntza helaraztearren. Euskaditik, Eusko Alderdi Jeltzaleko EBBk Bahia Blancako Unión Vascari funtsak ematera gonbidatu ditu bere afiliatu eta zaleak, ekaitzak kaltetutako bertako euskal komunitatearentzako dohaintzen bilgarri.
Unión Vascak, joan den azaroan 2024ko Euskal Aste Nazionalean Argentina osoko hamaika jende bildu zituen erakundeak, argindarra etenda jarraitzen du. Inguruko eraikin eta soto batzuk egoera larrian geratu direnez, oraindik ezin dute lehengoratu. Euskal Etxearen egoitzak berak kalte handiak jasan ditu eta bazkide askok ezbeharrak eta kalteak pairatu dituzte euren etxebizitzetan, baita psikologikoki ere. Batzuk dena galdu dute, eta suhiltzaileek erreskatatu behar izan zituzten euren etxebizitzetatik, ura bi metrotik gora igo zenean. Euskal Etxeak krisi batzorde bat sortu du, kaltetuak erregistratu eta kalte materialen inbentarioa egiteko.
Honela geratu da Unión Vascako Txokoa
Unión Vascaren egoitzako beheko solairuan ura 70-80 cm-ra iritsi zen, dena lokatzez estalita utziz, altzari ugari, tresna elektrikoak, ordenagailuak, paperezko artxiboak eta digitalak suntsituz. Uraren indarrak beirak hautsi zituen eta teilatuko erretenak txikitu, euri jasa jasotzeko nahikoa ez eta sabaietatik behera iragazi zen, besteak beste liburutegi, euskara ikasgela, entsegu-gela eta bilera aretoaren sabaiak hondatuz.
Pilotalekua ere urak hartua; denbora beharko dute...
Liburutegiko triskantza.
Gauza on bakarra, elkartasuna
"Euskal etxe askotatik deitu digute, elkartasuna eta laguntzeko borondatea adieraziz. Gure jarrera batzea da, eta udaletik egiten den bilketa BahíaxBahía ez ahultzea, edo gobernu probintzial edo nazionaletik egiten direnak”, azaldu dio EuskalKultura.eus-i Unión Vascako lehendakari Iñaki Ederrak. Hala ere, hondamendiak kaltetutako komunitateko kideei eta Euskal Etxearen susperraldirako ekarpen solidarioa egin nahi izango dutenak egongo direla jakitun, Unión Vascako agintariek entitatearen banku-datuak ematea erabaki dute. "Lehenik eta behin, dirua dena galdu dutenei laguntzeko izango da, gero, Euskal Etxeak jasandako kalteak konpontzeko, eta soberakinik balego, diasporaren izenean, Bahia Blancako Udalari emango zaio", adierazi digu Iñaki Ederrak.
Dirua pesoetan emateko, kaltetu orokorrek laguntza izan dezaten:
- Banku-kontuaren ezizena honakoa da: BAHIAXBAHIA
- kanpotik egiteko, ezizena BAHIAXBAHIA.USD.
Bahia Blancako Unión Vascaren lankide izateko, bai Argentinatik, bai kanpotik, hauek dira datuak:
- Kontu korronte zenbakia: 20 - 482 - 000154/6, 0482. sukurtsala
- Unión Vasca Sociedad de Socorros Mutuos elkartearen izenean
- BBVA Bankoa, CBU 0170482620000000015468