euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txikien taldea eta euskararen aldekoa apustu handiak Corpus Christiko Eusko Etxean 2013aren hasieran

2013/02/13

Corpus Christiko Rocio Miranda San Nicolasen egin zen barnetegiko irakasleekin, Sabrina Otegui, Natalia Hormazabal, Kinku Zinkunegi eta Alejo Conti (argazkia Valeria Oyarzabal)
Corpus Christiko Rocio Miranda San Nicolasen egin zen barnetegiko irakasleekin, Sabrina Otegui, Natalia Hormazabal, Kinku Zinkunegi eta Alejo Conti (argazkia Valeria Oyarzabal)

PUBLIZITATEA

Garrantzi handiko bi urrats eman ditu Argentinako Corpus Christiko Eusko Etxeak urte berriari hasiera emateko, eta biak helburu argi eta sendoekin. Alde batetik, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak euskal etxeak antolatutako Udalekun hartu zuten parte Misiones probintziako euskal etxe honetako bi neskak. Bestetik, eta lehen aldiz bere historian, Corpus Christiko euskal etxeko gazte bat euskara irakasle trebatuko da Euskara Munduan proiektuaren baitan. Bi esperientziak oso emankorrak izan dira eta animatu zuten erakundea bere proiektuekin inoiz baino bizkorrago jarraitzeko. Izan ere, honez gero euren Euskal Jaiaren data iragarri du Eusko Etxeak: uztailaren 13an izango da, hainbat lagun gonbidatu.

Corpus Christi, Argentina. Argentina bezalako herrialde hain zentralizatuan ez da erraza hiriburutik urrun bizitzea. Eta FEVAtik egoera hau orekatzeko ahalegin handiak egiten diren arren, euskal etxe bat Buenos Airesetik mila kilometrora egoteak oztopo handiak jartzen ditu gauza anitzetan, tartean Buenos Aires probintzian burutzen diren ekimenetan parte hartzeko.

Horregatik nabarmentzekoa da 2013 honen hasieran Corpus Christiko Eusko Etxea-ko kideek hartutako erronka. Euskal etxe baten ezinbesteko zutabeak –umeen taldea eta euskara taldea– garatzeko asmoarekin, Chascomuseko Udalekura eta Euskara Munduan-en 2013-2016 epeko lehenengo barnetegira ordezkariak bidali zituen Misiones probintziako euskal erakundeak.

Udalekua eta Barnetegiaren balantzea

Giselle Cabañak eta Evelyn Toth-ek hartu zuten parte Udalekun. Beraiekin batera Rocio Miranda euskal etxeko kidea eta Olga Leiciaga lehendakaria ere joan ziren, taldearen arduradun. Euren esanetan, "hamalau orduko errepide bidaia izan zen baina hain pozik geunden bidea laburra egin zitzaigula. Gureak beste euskal etxeetako umeekin harremanetan sartzen diren lehenengo aldia izan zen eta paregabeko eskarmentua izan zen guztiontzat. Pena bakarra txiki gehiago eramateko aukera ez izana. Bestalde, esan behar dugu Chascomuseko euskal etxeko kideek ondo baino hobeto hartu gintuztela”.

Chascomuseko Udalekua 2013 01

[Chascomuseko Zingirako Euskaldunak Euskal Etxeak antolatutako Udalekuan parte hartu zuten kide eta monitoreak (argazkiaEE)]

Eta eskualdean euskara klaseak bermatzeko, Corpus Christiko euskal etxeko gazte bat hasi da Euskara Munduan proiektuaren bidez trebatzen San Nicolas-en egindako barnetegian. “Gure artean sentitzen genuen behar bat da eta espero dugu Rocio Mirandari esker hutsune hori betetzea. Nazioarteko talde baten parte izatea oso garrantzitsua da, Hego Amerikako herrialdeen arteko adiskidetasuna indartzeko eta guztion amankomunean dugun euskararekiko maitasuna konpartitzeko. Rociok ikasteko gogo handia dauka eta ikasitako dena gurekin konpartitzen du gero. Asmoa da apirilean hastea tailerrekin”, azaldu digu Eusko Etxea-ko lehendakariak.

Datozen ekintzak

Motorrak martxan daude jadanik Mesopotamia argentinarreko euskal etxe honetan eta hemen aipatutakoak urtearen hasierako pausoak baino ez dira. Izan ere, 2013an egingo diren ekintza batzuen berri plazaratu du dagoeneko erakundeak.

Martxoaren 16an euskal etxearen Urteroko Biltzar Nagusia izango da. Otsailean zehar ‘Atahualpa Yupanqui’ liburutegi-ko liburu eta ekintzak egoitza berri batera eramango dira, ahalik eta baldintza onenetan lan egin ahal izateko. Gune berrian eskola laguntza eskainiko zaie ikasteko arazokoak dituzten ikasleei.

Eta dudarik gabe data garrantzitsuena Euskal Kultur Jaiarena da. Euskal Herriko kultura eskualde osoan zabaltzeko xedea daukan festa uztailaren 13an izango da, neguko oporretan hain zuzen. Mota askotako ekintzak burutuko dira jaialdiaren egunetan, tartean dantza eta zine tailerrak, antzokia, jolasak eta ‘Kontaketa harrigarriak’ literatura lehiaketaren sari banaketa.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia