euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txikien familiak euskal etxera hurreratzeko topaketa egin zuen Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeak

2016/07/04

Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeak familientzako topaketa berezi bat egin zuen ekainaren 17an
Tres Arroyoseko Hiru Erreka Euskal Etxeak familientzako topaketa berezi bat egin zuen ekainaren 17an

PUBLIZITATEA

Euren seme-alabek euskal etxean egiten eta ikasten dutena ikusi ahal izan zuten gurasoek eta gainontzeko familiarrek Hiru Errekak antolatutako elkarretaratzean. Eta hori izan zen aktibitatearen helburu nagusia. “Baina beste helburu bat ere badugu: helduak ere gure erakundera erakartzea”, azaldu dio EuskalKultura.com-i Francisco Urbieta lehendakariak. Euskal etxearen hurrengo aktibitatea San Fermin jaia izango da, datorren ostiralean, uztailaren 8an.

Tres Arroyos, Argentina. Ume talde handia du gaur egun Tres Arroyos hiriko Hiru Erreka Euskal Etxeak eta ondo asko zaintzen du, badakielako txikiak instituzioaren etorkizuna direla. Hala ere, erakundearentzat, helduen partaidetza ere garrantzitsua dela badakite tresarroyostarrek eta karia horretara eta ume eta helduak integratzeko aktibitate hau egin zuten ekainaren 17an.

Topaketari hasiera emateko, umeek eta gurasoek euren buruen aurkezpena egin zuten euskaraz “dantza klaseetan egiten dugun bezala”, argitu digute euskal etxetik; eta horren ostean neska-mutilek eta euren familiarrek bat egin zuten euskal dantzan eta euskal kultura ezagutzeko hainbat jolas egiteko.

Programarekin jarraituz, Etxeko dantzariak luzitu ziren euren dantzekin. Lantzeko Inauteriari buruzko narrazioa irakurri zieten gonbidatuei eta ondoren izen bereko dantza koloreduna dantzatu zuten. Eguerdian bazkaria partekatu zuten guztiek.

Francisco Urbietaren esanetan, “aukera paregabea izan zen txikien ahaideak integratzeko. Umeak poz-pozik zeuden gurasoek, eta kasu batzuetan aitona-amonek, ikusi ahal zutelako haiek astero egiten duten lanaren emaitza. Oso ondo pasa genuen elkarrekin, euskal kulturan murgilduta. Polita da euskal etxearen eta familien arteko loturak sendotzea; eta, dudarik gabe, etorkizunean errepikatuko dugu”.

San Fermin jaia eta Independentziaren Eguna

Uztailaren 8an eguerdian hasiko da ospakizun programa, hiriko San Martin Plazan, azken urteetan egin den legez. Bertan txupinazoa botako dute Euskal Etxeko kideek. Gauean, berriz, San Fermineko eta Argentinako Independentzia Eguneko afaria egingo dute. Festa Euskal Etxearen instalazioetan izango da eta afalostean dantza ikuskizuna eta zahato txapelketak egingo dira. Txartelek 200 peso balio dute eta Euskal Etxean erosi behar dira, edo emailez hiruerrekatresarroyos@hotmail.com.ar-era idatziz edo Facebook bidez.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia