Buenos Aires, Argentina. Txapelak, Argentinako Patagonian egindako euskal sagardoak, 5 urte beteko ditu aurten. Ez da marka batere makala, kontuan izanda besteak beste pandemia eta haren murrizketak tokatu zitzaizkiola eta Argentinako une ekonomiko zinez zailei aurre egitea. Hala ere, apurka-apurka, ahaleginei gogoz eta gogor eutsiz, finkatu egi da merkatuan eta lortzen ari da sagardo naturalaren zaporea argentinarren gustamenean txertatzea. Eta etengabe jarraitzen dute ahaleginean, etorkizunaren aldeko apustu argiarekin, orain artekoari eutsiz eta berrikuntzak ere iragarriz; esaterako, Euskal Herrikoen estiloko lehenengo sagardotegi modernoa zabaltzea Buenos Airesen.
Atzerabegikoa eginez, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak antolatutako Jaialdian hartu zuten parte joan den larunbatean, Sagardo Egunaren hirugarren edizioa ospatuz jaren baitan, arrakasta handiz gainera, Txapela sagardoaren txokoa jendez mukuru, 500 lagunetik gora partaide. Bi asteren buruan, berriz, La Platan, 'Eguzkipean' kanpamenduan hartuko dute parte, martxoaren 9an, bertako korridore gastronomikoan, euskal komunitateko beste ekintzaile batzuekin batera. 'Txotxean' hartu ahal izango da bertan sagardoa, euskal “janari eta dantza tipikoak lagun, gure nortasuna ospatuz, gustuko dugun bezala”, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Xabier Aguirre rosariotarrak.
Sagardo Eguna: Txapela presente Mar del Platako Denak Bat-ek antolatutako Jaialdi 2024an
Rio de la Platako lehenengo sagardotegia?
Milena Aramburuk eta Xabier Aguirrek sortua eta zuzendua, Txapela proiektua Astigarragako Petritegi euskal sagardotegi ospetsua lagun sortu zen 2019an. Euren know how-a transferitu zieten eta aurreneko produkzioetan lagundu. Txapela Río Coloradoko (Rio Negro) CRC kooperatibaren lantegian egin eta ontziratzen da. Kooperatibarekin batera, duela urtebete pasatxo, Juliá & Echarren Sagardoa merkaturatu zuten, fruituarekin berarekin gozotua eta apur bat karbonatatua. Aurten, sagarrari lotutako edari eta elikagai sorta bat merkaturatzekotan ari dira, eta amets handi bat dute esku artean. Argentinako lehen sagardotegia irekitzea, Buenos Airesen, Euskal Herriko sagardotegien modukoa. «Proiektu anbiziotsua da. Hainbat negozio bilera ari gara egiten, modurik onenean gauzatu ahal izateko», aurreratu digu Txapelako arduradun Xabier Aguirrek.
Arrakasta eta zorterik onena Txapelako lagunei!
- www.tiendadesidras.com
- IG: txapelasidra
- FB: txapelasidravascanatural