euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txalokada ederra lortu du Guernica-ren 3D bertsioak, euskaldunen ordezkari 2016 Eguzkiaren Festa Nazionalean (ikus argazkiak)

2016/03/02

San Juango Eusko Etxea Euskal Etxea 2016ko Eguzkiaren Jai Nazionalean
San Juango Eusko Etxea Euskal Etxea 2016ko Eguzkiaren Jai Nazionalean

PUBLIZITATEA

Ezohiko proposamen bat aurkeztu du 2016ko Eguzkiaren Festa Nazionalean San Juan probintzia argentinarreko Eusko Etxeak, telebistaz nazio osora zabaltzen den Carrusel del Sol delako kabalkadan. Izan ere, euskal ordezkaritzak Gernikaren 3Dko erreprodukzio bat zeraman gurdi batekin desfilatu zuen: “Jendea harrituta geratu zen eta txalo beroak oparitu zizkiguten” adierazi diote euskal-sanjuandarrek EuskalKultura.com-i. Ikus argazki galeria harrigarria.

San Juan, Argentina. Hogeita bost karrozak osatu dute aurten, Eguzkiaren Festa Nazionaleko aktibitate nagusia den Carrusel del Sol izeneko kabalkada. Gurdiak San Juan probintziako departamentuen ordezkari dira eta, eurekin batera, San Juango gizatalde atzerritarrek ere partaide dira bakoitza bere karrozarekin, urtero Jaiaren leloarekin lotuta. 2016koa, aurten Argentinako Independentzia Adierazpenaren Bigarren Mendeurrena ospatuko baita, Independentzia bera izan da eta karrozek kontzeptu hori adierazi edo islatu behar zuten modu  batera edo bestera desfilean parte hartzeko muntatutako karrozan.

Euskal kolektibitateak Pablo Picassoren Guernica-ren bertsio bat zeraman karroza aurkeztu zuen desfilean, 3D formatuan. Karrozaren osagarri, dantzariek ere hartu zuten parte desfilean. “Kabalkada osoan, hiru kilometroetan, etengabe dantzatuz. Zinez luzitu ziren” jakinarazi dio karrozaren diseinatzailea eta EEko kide den Pablo Varelak EuskalKultura.com-i.

Varelak sortutako Guernica-ren erreprodukzioak jatorrizko koadroaren neurri eta kolore berberak ditu, elementu bakoitza bere tokian dago espazioan, egitura gorri baten barruan, azaldu du Varelak. Dudarik gabe, diseinu desberdina, ezohikoa eta esanguratsua. “Egiari zor, publikoa liluratu egin zen. Oso harrera ona egin zigun, jendearen hurbiltasuna sentitu ahal izan genuen, txalo zaparrada eskaini zigulako pasatzean. Jakinmina ere sortu zuen karrozak bildutako jendetzaren artean”.

San Juango Eusko etxearen partaidetza ez zen desfilera mugatu. Izan ere, euskal standa ere ezarri zuten Elkarteko lagunek Jaian. Nazio mailan lortzen duen oihartzunagatik, garrantzi handia dauka euskaldunentzat Eguzkiaren Festa Nazionalean partaide izateak. Jaialdiak 150 mila lagun biltzen ditu urtero eta Argentinako bazter guztietatik segi daiteke telebista publikoaren bidez. Zorionak sanjuandarrei!


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia