Donostia, Euskal Herria. ‘El Vasco’k, Jabi Elortegi bermeotarraren bigarren film luzeak, txalo zaparrada luzea jaso zuen Donostiako Zinemaldian. Filmak euskal zinemari eskainitako Zinemira saila inauguratu zuen eta publikoak zutik txalotu zuen. Komedia bat izanik, espero izatekoa zen filmak barrea eragitea. Hala ere, Mikel, bere jaioterritik ihesi ustekabean Argentinako herri galdu bateko Euskal Herri txiki batean biziko den gaztearen istorioak, barre algarak ez ezik, emozio malkoak ere piztu zituen. Filmak jorratzen dituen gaietako batzuk, hala nola diaspora, memoria, topikoak, familia, erbestea, komediari kutsu dramatiko hunkigarria ematen diote.
Ikusleen artean euskal diaspora argentinarreko kide asko zeuden, gaur egun Euskal Herrian bizi direnak, eta proiekzioa amaitzean ez zuten arazorik izan beren inpresioak eta, batez ere, emozioak aretoan zeuden filmeko egileekin partekatzeko. Hitza hartzean, euren jatorrizko herria eta, harro, parte hartu zuteneko euskal etxearen izena aipatzen zuten. Hain giro handia sortu zen non zuzendariak, barre artean, argitu behar izan zuen ez zela ez klake bat, ez okasiorako entseatutako komedia-urrats bat.
Bideoa filmaren irudi orain arte eskaini gabeekin, EiTBren eskutik [klik egin eta iragarkien ondotik]
Joseba Usabiaga da filmeko protagonista, eta, besteak beste, Eduardo Blanco, Itziar Aizpuru, Inés Efron eta Laura Oliva ditu lagun, baita Itziar Ituño ere, kolaboratzaile berezi. Euskal etxeetako kide askok ere parte hartu zuten, eta dagoeneko estreinatu da Europako areto komertzialetan, baina 2023ra arte itxaron beharko da Argentinako zinema-aretoetan gozatu ahal izateko.