euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txalo handiak jaso ditu Tandilgo Gure Etxearen Jaiotza bizidunak; agian, 2025ean, Pampako EE batek ere egingo du

2024/12/23

Gure Etxeko bazkide eta lagunek Tandilgo Euskal Etxearen aurreko Tanke Plazan egindako Jaiotza biziduneko eszena bat
Gure Etxeko bazkide eta lagunek Tandilgo Euskal Etxearen aurreko Tanke Plazan egindako Jaiotza biziduneko eszena bat

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Beste urte batez Tandilgo Gure Etxeak ongi etorria emango dio Eguberriari Euskal Jaiotza biziduna antzeztuz. Ikuskizuna joan den ostegunean, abenduaren 19ean egin zen eta urteroko eritualak 50 bat lagun bildu zituen, tartean dantzariak, euskara ikasleak, muslariak, zuzendaritza batzordeko kideak, senideak eta elkarteko bazkide eta lagunak. Mitologia ardatz hartuta eta jaiotzaren unean emakumeek duten funtsezko rola azpimarratuz, Gabonetako ikuskizuna iluntzean jendaurretu zen, Gure Etxearen egoitzaren aurrean, Martin Rodriguez Plazan, eta txalo zaparrada handia jaso zuen publikoaren aldetik.

Bi hamarkada baino gehiago dira abenduro Gabonetako antzezpena antolatzen dela. Valeria Aramburu gidoiaren egileak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez, edizio bakoitzean lanak aldaketak izaten ditu eta eboluzionatu egiten du. "Gure herriaren historia erlijiosoaren zati bat transmititzen saiatzen gara, antzinako herri askok bezala, bidea egin baitzuen tradizio paganoetatik kristautasunerantz". "Azpimarratu nahi dugu betidanik herri fededun gisa identifikatu izan garela, eta horregatik errespetatzen ditugu Eliza Katolikoa hedatu aurreko gure mitoak, erritualak eta sinesmenak ", adierazi du.


Sorginak, Gure Etxeak aurkeztutako Jaiotzean 

Antzezlanak 50 minutu iraun zuen, Valeria Aramburuk berak ahotsa jarrita, bera baita eszenaratzearen arduraduna, kontakizunaren narratzaile gisa. Euskal etxeko kideek hezurmamitu zituzten pertsonaiak: sorginak, Mari Domingi (Maite Rodenasek antzeztua), galtzagorriak, etxekoandreak, artzainak, lamiak, gauekoak, sinbolo batzuk, (eguzkilorea esaterako), eta baita Olentzero ere, Santiago Benavidez Lanzek pertsonifikatua. Proposamenak bisita gidatu tankerako bat egiten du Euskal Herriko pertsonaia mitologikoen galeriatik, hainbat dantza lagun dituela. Facundo Etchegarayk aurreskua dantzatu zion haurrari. Emakumeek Sorgiñak eta Mahai gaineko danza dantzatu zituzten. Haurrek, berriz, Orpo punta, eta ondoren, helduekin batera, Arku dantza, Lantzeko Inhauteria eta Polka. Jaiotzaren ostean, Fandangoa eta Arin Arin dantzatu zituzten denek, eta publikoko zenbait ere batu ziren.

Sorpresa datorren urtean?

Soinua eta argiztapena Udalaren ardurapean egon ziren eta, horretaz gain, Udalak intereseko jarduera deklaratu zuen ekitaldia. Bestaldetik, duela gutxi, emankizunaren gidoia eskatu zuten Panpako euskal etxe batetik. Beraz, nork daki, datorren urtean, agian, izango al da bigarren euskal etxe bat euskal Jaiotza biziduna aurkeztuko duenik?



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia