La Plata, Argentina. Marina González de Apodaca 96 urteko bilbotarraren istorio hunkigarria, Espainiako Gerra Zibilean Euskal Herritik ebakuatutako milaka haurren istorioetako bat da, 30 urterekin Argentinara anaiaren pausoen atzetik iritsia, honekin berriz elkartzeko. Joan den ostiralean, La Platako Euzko Etxean, Euskal Diasporaren Eguneko ospakizunen baitan, Marita Lico eta Patricia Rivas narratzaileek, Jorge Irastorza gitarrista eta kantariarekin batera, haren bizitzan oinarritutako ikuskizun txalotua eskaini zuten.
Marina edo "Marinka"-ren istorioa, hala deitu baitzioten Errusiara iritsitakoan, Rodolfo Luna Almeida kazetari eta idazleak bildu zuen Planeta argitaletxeak 2017an argitaratutako "Marinka, una rusa niña vasca" (Marinka, neska errusiar euskalduna) liburuan. Eleberrian, egileak euskal neskato haren istorioa berreraikitzen du, Bilbo erori baino egun batzuk lehenago familiatik banandua eta Habana transatlantikoan Sobietar Batasunera bidalia, milaka haur errefuxiaturekin batera. Azkenean, Argentinara iritsiko zen, bertan familia osatu eta gaur bertan segitzen du bizitzen, alabarekin batera.
Idazlea eta Marinkaren alaba bertaratuta
Marita Lico eta Patricia Rivasek ahozko zenbait ikuskizun aurkeztuak zituzten aurretik ere euskal etxe laplatatarreko Matxin Burdin liburutegian. Marinkaren istorioak ordea, erabat hunkituta gutzi zituen, eta hiriko idazle Luna Almeidaren liburuaren pasarte batean oinarritutako obra bati forma ematea erabaki zuten. Honakoan, Jorge Irastorza muslari, pilotari eta Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide ohiaren ahotsa eta gitarra gehitu diote ikuskizunari.
Emanaldia arrakastatsua izan zen. Bertara bildu ziren Rodolfo Luna Almeida idazlea eta baita Graciela Chiera ere, Marina González de Apodacaren alaba. Azken hauek, antzezlanaren amaieran, funtzioko protagonistekin eta zenbait ikusentzulerekin batera afari bat partekatu zuten Euzko Etxeko jatetxean, bilbainadekin eta argentinar folkloreko klasikoekin girotuta.
Zure euskal etxean eman nahi?
Aipatzekoa da obra, Argentinan esaren den moduan, "txapelara" eskaintzen dela, esan nahi baita musu-truke, irabazi-asmorik gabe. Beraz, hona eskaintza euskal etxe edo bestelako elkarteentzat: elkarteren batek emanaldi bat antolatzeko interesa badu, Patricia Rivasekin jar daiteke harremanetan rivas.patriciad@gmail.com helbidera idatzita edo, whatsapp bidez, 54 9 221 506-0301 zenbakira deituta.