euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txalapartak stand-a zabaldu eta "Zergatik borrokatzen dugu euskaldunok" liburua aurkeztuko du bihar Rosarion

2007/10/05

Egilea, Fernando Alonso, eta bere liburua. Bihar aurkeztuko da Rosarioko Euskal Etxean.
Egilea, Fernando Alonso, eta bere liburua. Bihar aurkeztuko da Rosarioko Euskal Etxean.

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez dator Euskal Astera eta bigarren urtea du baita ere Argentinan ordezkaritza zabaldu zuenetik Txalaparta euskal argitaletxeak. Aurtengoan, Fernando Alonso kazetari bizkaitarraren Por qué luchamos los vascos liburuaren edizio kaleratu berria besapean. Aurkezpena bihar bertan izango da, Zazpirak Bat Euskal Etxean, Entre Ríos 261, arratsaldeko lauretan. Bestalde, argitaletxeak stand-a zabalduko du gaur bihar eta etzi Ruralean. Bertan, besteak beste euskal gaiko liburuak prezio berezian lortu ahal izango dira, 'eurotan izango luketen prezioaren gaineko %50eko beherapenaz'.
Euskal Astearen testuinguruan presentzia izango duten jardueren artean, liburugintzarena ez da faltako. Eremu horretan, Txalaparta argitaletxe nafarrak Fernando Alonsoren "Zergatik borrokatzen dugu euskaldunok" liburua aurkeztuko du. Sestaon jaiotako kazetari gaztea 80. hamarkadan Nikaraguako Jinotega-n sandinistekin ibili zen eta esperientzia hau Punto y Hora, Deia eta El Pais kazetetan idatzi zuen.

Liburuak kontrazalean dakarren egilearen biografia laburrak azaltzen duenez, "1992an Egin-en hasi zen lanean, lehendabizi ikerkuntza taldean eta geroago Euskadi sekzioan, 1996ko abuztura arte, orduan Guardia Zibilak atxilotu baitzuen Hernanin, ETAko partaide izatea leporatu ziotela".

Liburuaren aurkezpena, bihar Zazpirak Bat-en

Txalapartak argitaratzen duen Alonsoren bigarren liburu honen aurkezpena --lehenengoa 'El repartidor de sueños' (Amets banatzailea) ipuinen bilduma izan zen-- bihar larunbata izango da, Zazpirak Bat Euskal Etxean, Entre Rios 261n, egile beraren eskutik, Daniel Bilbao kazetari eta idazlea partaide, eta Xarlo Etxezaharreta Hazparneko zinegotzi ohia, ezker abertzaleko Udalbiltzako partaide eta Kale Gorria aldizkariko zuzendari ohiaren laguntzaz.

Aipatzekoa, bestalde, iazko Euskal Astean izandako esperientzia bikaina errepikatzeko asmoz, gaur, bihar eta etzi, Ruraleko aretoan, Txalapartak stand-a edukiko duela zabalik eta 150 liburu baino gehiago eskainiko direla bertan, gai aldetik historiari buruzko testuak, politika saioak, kontakizunak eta euskarazko liburuak, haurrentzakoak barne. Argentinako Txalapartako arduradun eta stand-eko arduradun izango den Diego Gonzalez-ek Euskalkultura.com-i aurreratu dionez, inportaturiko liburuak prezio berezian lortu ahal izango dira, 'eurotan izango luketen prezioaren gaineko %50eko beherapenaz', azaldu du.


Lotura interesgarriak

Txalaparta argitaletxe nafarra
www.txalaparta.com

Liburuaren aurkezpena
Indymedia Argentinan

Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxea
www.zazpirakbat.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia