euskal diaspora eta kultura
2011/11/11
PUBLIZITATEA
Necochea, Argentina. Argentinako bandera eta ikurrina igo zituzten astelehenean Necocheako neska eta mutiko batek, txalapartaren soinuak lagunduta, 2011ko Euskal Asteari hasiera emateko. Astebete oso berezia da hau Argentinako euskal gizataldearentzat, eta herrialde zabal honetako bazter guztietako euskal etxeetako ordezkariak bildu egiten dira bertara, euren esperientzia eta bizipenak partekatzeko eta baita ere euskal ondarea jai eta alaitasun giroan ospatzeko. Euskal jatorria izan edo euskal kultura ezagutu nahi izatea, bata zein bestea nahikoa dira familia handi honetan ongi etorria izateko.
Euskal kulturaren etorkizunaren alde lan egiteko gogoa --Necochean, Argentinan, Euskal Herrian edo munduko edozein bazterretan-- horixe da euskal gizataldeen ezaugarria, eta horretan nabarmendu zen bereziki aste honetan Necochean oso gogoan izan duten Maria Julia Ercoreca laguna, aurten zendu dena. Bideurratzailea izan zen Maria Julia, dantzaria eta dantza irakaslea, eta euskal kulturaren hazia landatu zuen Madrynen (euskal etxea sortuz), Maipún, Necochean, Mar del Platan... eta Argentinako eta Euskal Herriko euskaltzale askoren bihotzean. Madryngo dantzariek eta Cachin senarrak egin diote omenaldirik onena Maria Julia, Marita edo Majuri --lagunak adina izen maitakor baitzituen euskal etxe desberdinetan-- Necocheako jaialdian parte hartuz eta bere ondareari jarraipena emanez. Ziurrenik batek baino gehiagok sentituko dituzte egunotan Maria Juliaren barre algarak, beti alai eta suspergarriak, Necochean.
Edu Muruamendiaraz eta César Arrondo
Aurtengoa Necocheako Euzko Etxeak antolatzen duen zazpigarren Euskal Astea da eta bestalariek gogoan dute orain dela 30 urte egin zen lehenengo hartan, 1981an, lehendabizikoz, Eusko Jaurlaritza berriaren ordezkaritza bat izan zela bertan, Argentinako euskaldunekin bat eginez. Harremanak sendo dirau harrezkero eta gonbiteari urtero erantzuten dio Jaurlaritzak.
Aurretik EuskalKultura.com-en eman dugun egitaraua mantendu egiten da, aldaketa bakar batekin: bertan behera gelditzen da bihar egin behar zen euskera topaketa, bi arduradun nagusiak Euskal Herrian daudelako Mundu-Batzarraren ondoren. Aldiz, bai aurkeztuko da euskarari buruzko erakusketa eta standa.
Azkenik, gogoratu asteburuko dantzaldia Lazkaoko Drindots taldeak eskainiko duela. Taldeko kideetako bat, Jon Urdangarin, Euskara Munduan programako online irakaslea da eta bere ikasle askok pozik hartuko dute aurrez aurre ezagutu eta bere musikarekin dantzatzeko aukera! Aipatu, Gozategi taldeak jo behar zuela, baina, hainabt arazo direla medio, ezin izan duela azkenean Necocheara bidaia egin.
Jaia zuzenean ikusteko web kamara
Euskal Herritik etorritako beste gonbidatu bat da Aukeran dantza garaikide taldea, Edu Muruamendiarazek zuzentzen duena. Asteburuan eskainiko duten ikuskizunaren zati bat erakutsi zuen taldeak atzo eta txalo zaparrada jaso zuen. Atzo ere, Euskal Aberriari buruzko hitzaldia egin zuen César Arrondo historialariak, aretoa jendez mukuru. Eguneko beste ekitaldi arrakastatsu bat 'sagardotegia' izan zen --edo euskal sagardotegiaren bertsio argentinarra-- Astigarragako sagardo eta guzti. Menua ere ez zen nolanahikoa izan: txistorra pintxoa, makailu tortilla, txuleta, gazta, irasagarra eta intxaurrak.
-2011ko Euskal Astearen egitaraua, hemen
-Necocheako Euzko Etxea elkartearen webgunea, hemen
-Jaia zuzenean ikusi nahi duzu? Euskal Etxean jarri duten web-cam-a hemen.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus