euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Txakolinaren lilurak 600 lagundik gora bildu zituen New Yorkeko hirugarren Txikifest jaira

2013/06/10

Eguraldi ona eta giro bikaina izan ziren Txikifest 2013 jaian (argazkia www.txikifest.com)
Eguraldi ona eta giro bikaina izan ziren Txikifest 2013 jaian (argazkia www.txikifest.com)

PUBLIZITATEA

Zintzurra txakolinarekin bustitzeko aukera ederki baliatu zuten ia 600 newyortarrek iragan ekainaren 2an, Txikifest jaiaren hirugarren edizioaren baitan. Txikito euskal jatetxeko jabeak --Eder Montero eta Alex Raij-- orain hiru urte hasi ziren festa hau antolatzen, txakolina hiri honetan ezagutzera emateko, eta arrakasta itzela izan du ekimenak. Aurten, Bizkaiko Foru Aldundiaren sostenguarekin antolatu zen jaia eta ia 700 botila edan ziren. Bertan bildutako ia 10.000 dolarrak "Sanctuary for Families" GKEarentzat izango dira.

New York, AEB. Txikifest jaiaren hirugarrena iragan ekainaren 2an egin zen, New Yorkeko Chelsea auzoan eta ia 600 lagun bildu ziren bertara euskal ardo txuri honetaz gozatzeko prest. 

"Txakolina ezaguna egin da azken urteetan New Yorken eta AEBetako beste zenbait hirietan. Txikifest jai honek eta antzeko beste batzuek gure ardo ona denon ahotan mantentzen laguntzen dute", azaldu dio EuskalKultura.com-i Eder Montero sukaldari bilbotarrak.

Txikifest Nueva York 2013 2

[Unai Aizpuruk, BilbaoHistoriko elkarteko presidenteak, eta Eder Montero sukaldariak saria eman zioten Debora Bergshon. Txikifest-en egin zen zozketan Bilborako bi laguntzako "Bilbao Bizkaia Be Basque" bidaia irabazi zuen. Bizkaiko Turismo sailak eta Bilboko Udalak eman zuten saria (argazkia Txikifest.com)]

Jaian Euskal Herriko hiru jatorri deituretako txakolindegiek emandako ia 700 botila edan ziren. Monterok adierazi duenez, bertan bildu zen dirua --10.000 dolar inguru-- "Sanctuary for Families" GKEari emango diote antolatzaileek. Genero indarkeria jasaten duten sendiak laguntzen ditu erakunde honek.

"GKE hau eta aurreko biak ere --FACES (epilepsia gaitzaren aurka) eta NYU Ospitaleko Haur Goiztiarren Saila--, arrazoi oso pertsonalengatik aukeratu ditugu; gure bizitzan eta gure lanean izan diren gertaerengatik", agertu du Monterok.

Txikifest Nueva York 2013

[Txakolina zerbitzatzen Txikifest-eko stand batean (argazkia Txikifest.com)]

Txakolin Egunak oihartzun zabala izan zuen hiriko komunikabideetan eta antolatzaileak pozik agertu dira, haien esanetan, festak dagoeneko bere lekua egin duelako Sagar Handiaren bihotzean.

-Argazki gehiago: www.txikifest.com



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia